Errauskailuaren aurkako oihua

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 23a, 13:15
Jende mordoa batu zen larunbatean erraustegiaren kontrako manifestazioan. Lasarte-Oriako eta inguruko herrietako pertsonek egin zuten bat Aire Garbia plataformak deitutako mobilizazioarekin.

Salatu zutenez, Zubietan eraikiko den errausketa plantak osasunerako kaltegarriak diren furano, metal astun eta dioxinak sortuko ditu. Beste herri batzuetan egin bezala, proiektua atzera botatzea eskatu zuten. Hondakinak kudeatzeko modu garbiago eta merkeagoak daudela argudiatu zuten, eta horiek baliatzeko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Amaierako ekitaldian, Okendo plazan, azpimarratu zuten erraustegia gelditu daitekeela, eta Zubietan egin nahi dutenek “pare-parean” edukiko dituztela Aire Garbia plataforma eta Lasarte-Oriako herritar ugari. Herritik kilometro eta erdira egitearen kontra azaldu zen Udal Batzarraren gehiengoa. EH Bildu eta Lasarte-Oriak Ahal Du errausketaren aurka agertu dira, PSE ez dago ados kokalekuarekin eta EAJ eta PP, berriz, alde dira. Azken hauen ustez, kalteak puztu egiten dituzte.