Erantzutea besterik ez da falta

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 11a, 17:04
Maiatzaren 7an Lasarte-Oriara iritsiko den olatuak ez du galdera bakarra ekarriko erantzuteko, bi baizik. Lasarte-Oriako Gure Esku Dago egitasmoko Loratu taldeak aurkeztu ditu gaur Brigitarren plazan, hainbat herritarren aurrean.

'Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi al duzu interes publikoko gaietarako?'. Hori izango da lasarteoriatarrek maiatzaren 7an erantzun beharko duten lehenengo galdera, baina ez bakarra. Aurreneko horretan baiezkoa emanez gero, honako hau etorriko da gero: 'Zure erantzuna baiezkoa bada, izan nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra?'. 

Azken hilabeteetan gogotik lan egin eta hausnartu ondoren, Lasarte-Oriako Gure Esku Dago dinamikako 'Loratu' taldeak gaur eguerdian aurkeztu ditu hemendik bi hilabete eskasera herritarrek erantzun ahal izango dituzten galderak, Brigitarren plazan, hainbat herritarren aurrean. Maider Segurola kazetariak aurkezpen txiki bat egin du aurrena. Ondoren, ekitaldira bertaratutakoek 'Txoria txori' abesti ezaguna kantatu dute. 

Sarreratxo txiki horren ostean, batzorde sustatzaileko kide Jose Carlos Carrasco eta Bea Egizabalek hartu dute hitza, maiatzaren 7rako bi galdera horien hautaketa prozesua azaltzeko. Ondoren, banan bana, hainbat herritar gerturatu dira Brigitarren komentuko hesietako batean zegoen panel erraldoiarengana, banan bana bi itaunak estaltzen zituzten 'Erabaki' plakatxoak kendu eta bi galderak agerian uzteko. Kendutako plakatxo horiek hautestontzi erraldoi batean sartu dituzte.

Aurkezpen ekitaldia bukatzeko, denak elkartu, 'Erabaki' plakatxoak eskuetan hartu eta talde argazki erraldoia atera dute, erakutsiz Lasarte-Oria prest dagoela erabakitzeko eskubidearen aldeko olatuan murgiltzeko. Maiatzaren 7an iritsiko da aipatu olatu hori herrira. Galderak erantzutea besterik ez da falta.

'Loratu' taldearen bilgunea

Gure Esku Dagoko kideek jakinarazi dutenez, Kale Nagusiko 16.ean dagoen apaiz etxeko lokalean bilduko da 'Loratu' taldea hemendik aurrera. Ordutegiak hauek izango dira: asteazkenetan, 12:00etatik 13:00era; ostegunetan, 18:30etik 20:00etara; ostiraletan 12:00etatik 13:30era eta 18:30etik 20:00etara; eta, larunbatetan, 12:30etik 13:30era.