Erabakitzeko eskubidea ehuntzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 25a, 20:31
Kalejira, oihalen apainketa, hautetsontzi handiaren marrazketa, dantza... Gure Esku Dago ekimenaren eskutik jai giro ederra izan da Lasarte-Orian gaur goizean. Erabakitzeko eskubidearen alde handitzen doa sarea Lasarte-Orian 591 saretu dira, baina ekainaren 21ean Donostian 1.000 herritar egotea espero dute.

Lasarte-Oriak ez dio Gure Esku Dago ekimenaren deialdiari huts egin eta tutore, zein saretuak kalera atera dira erabakitzearen eskubidearen aldeko aldarrikapena egitera.

Jaia kalejira erraldoi batekin hasi da. Kotxeraseko errotondatik eta Atsobakarreko errotondatik atera dira koloretako bi oihal zutabe. Honetan tutore eta saretuek herriari haien ohialak erakusteko aukera  izan dute.

Kalejiraren bi adarrek Okendo plazan egin dute bat. Honetan apaindutako oihalei azken ukituak emateko aukera izan dute guztiek. Bitartean, Lasarte-Oriako tutore eta saretu kopurua zenbatu dute markagailu batean.

Oihal bakoitzak plazan toki zehatza zuen. Izan ere, guztien artean hautetsontzi baten irudia marraztu baitute.

Honi argazki erraldoi bat atera, oihalak bildu eta hauek ehuntzen hasi dira. Ehundu baino lehen modista berezi batzuk oihalekin zer egin proposatzen zieten herritarrei. 

Bideoklipa
Hau guztiaz gain, Lasarte-Oriako abestia “Hamaika itxaropen” abestia aurkeztu dute herriko hainbat musikarik eta Enara Ieregiren zuzendaritzapean, Okendo plaza dantzan jarri dute.

Momentu hau abestiaren bideoklipa grabatzeko baliatu dute ekimeneko lagunek.

Erronka

Gure esku dago ekimeneko lagunek, 591 saretu lortu dituzte dagoeneko. Baina ekimenean gogoratu duten bezala, ekainaren 21ean Donostian egingo den ekitaldi nazionalean 1.000 lasarteoriatar egotea espero dute.

Horregatik, herritarrak gonbidatzen dituzte erabakitzeko eskubidearen alde saretu eta oihala ehundu dezaten.  Izan ere, Lasarte-Oriako abestiak dioen moduan "bi esku hamar hatz soilik baina, itxaropenak dira hamaika". Horretarako hurrengo larunbatetan Okendo plazan mahaia jarriko dutela jakitera eman dute.

Jaialdiko argazkiak albumen atalean eta bideotekan ere irudi gehiago ikusi ahalko dituzue.