Enpresa txikiak sortzeko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu da

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 22a, 19:00
Guztira 25.000 euroko diru partida du Udalak komertzio berriei artean banatzeko, baina laguntza jaso ahal izateko, zenbait baldintza bete beharko dituzte negozio berriek.

Lasarte-Orian hirugarren sektorea indartzeko helburuarekin, komertzio hasiberriei bultzada emateko diru laguntzak emango ditu Udalak, bigarren urtez. Merkataritzako, ostalaritzako edo zerbitzu pertsonalen eskaintzako enpresa txiki bat sortu nahi dutenei zuzendutako diru laguntzak izango dira. Horrela adierazi zuten Dioni Avila merkataritza teknikariak, eta Jesus Zaballos alkateak ostiralean egindako prentsaurrekoan. 

2017. urteko urtarrilaren lehenetik, herrian merkataritza, ostalaritza zein zerbitzu pertsonalerako komertzio berri bat martxan jarri duten pertsona fisiko zein juridikoek eskatu ahal izango dute diru laguntza, baina horiek lortzeko, zenbait baldintza bete beharko dituzte. 

Guztira, 25.000 euro banatuko ditu Udalak, eta eskatzaile bakoitzak diru kopuru jakin bat jaso ahal izango du. Izaera orokorreko diru laguntza, lagunduko diren gastuen %40koa izango da, hau da, horren onuradunak, 1500 euro jaso ahal izango ditu gehienez. Izaera partikularreko laguntza jasotzen dutenek, berriz, lagunduko diren gastuen %60koa izango da, 1800 eurokoa. Azken aukera hori, eragin komertzial nagusiko eremutik kanpo kokaturiko establezimenduek, erretiroagatik eskualdatuek edota eskatzaileak gutxienez %33ko desgaitasuna aitortua dutenek izango dute eskatzeko eskubidea.

Eskatzaileek bete beharreko baldintzak

1.- Jarduera ekonomikoen  gaineko zergen eta Segurantza Sozialeko dagokion erregimenean hasierako alta 2017ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa izatea.

2.- Jarduera ekonomikoen gaineko zergen jarduera berean edo antzekoan matrikulatua ez egon izana, negozio berria sortu aurreko sei hilabeteetan.

3.- Egoitza soziala eta fiskala Lasarte-Oriako lantoki batean izatea.

4.- Baimendutako sarbide publikoa duen establezimendu bat edukitzea herrian, eta aurkeztu beharreko bideragarritasun planean deskribatutako jarduera garatuko duena.

5.- Ez da enpresa berritzat hartuko, eskualdatzetik lehenik martxan zegoen jarduera bat, baldin eta enpresa titular berriak, eskualdatzen duenarekin ahaidetasunezko erlazioren bat badu enpresa eskualdatzen duen pertsonaren ezkonkidearekin, ondorengoekin, eta bigarren mailako odolkidetasunezko edo ahaidetasunezko gainerako ahaideekin.

6.- Mikroenpresa izateko baldintza betetzea, hau da, gehienez ere hamar pertsonari lan emateko.

Diru laguntzekin finantzatu ahal izango diren gastuak

1.- Enpresa eratzeko gastuak: irekitzeko lizentzia, jarduerako lizentzia, negozioa martxan jartzeko ordaindu beharreko beste zenbait tasa, eta notariotzako zein erregistroko gastuak.

2.- Alokairu gastuak.

3.- Segurantza Sozialeko langile autonomoen erregimen berezian kotizazioa ordaintzeari dagozkion kuotak.

4.-Langileak kontratatzearen gastuak. Nominak eta Segurantza Sozialeko kotizazioak.

5.- Negozioa abiarazteko eta horren kudeaketa administratiborako aholkularitzako eta gestiorako gastuak.

Informazio gehiago

Informazio gehiago eskuratu nahi duen orok, Udalaren web orrian (http://www.lasarte-oria.org/), edota enplegu dinamizatzailearekin kontaktatu ahal izango du. Horretarako, d.avila@lasarte-oria.eus helbidera idatzi, edo 943376179 telefono zenbakira deitu ahal izango du.