Enplegu arloan herritarren parte-hartzea areagotzeko tresna

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 5a, 17:30
Lasarte-Oriako Udalak enplegu-arloko organo bat sortu du: Enplegu Mahaia. Gipuzkoako Boletin Ofizialean publikatu dute jada erregelamendua. Disposizio fasean dago orain, martxora bitartean; orduan hasiko dira lanean Udala eta mahaia osatuko duten eragile sozialak. Herriko Enplegu Plana diseinatzea izango da zereginetako bat.

“Lasarte-Oriak langabezia-tasa altua dauka, eta arrazoi horregatik erabaki du udal gobernuak erreminta hau sortzea; gure konpetentzien barnean, enplegu-arloan lan egin nahi dugu, esparru horretan herritarren parte-hartzea areagotuz gainera”. Hori da sortu berria izan den Enplegu Mahaiaren “helburu nagusia”, Jesus Zaballos alkatearen hitzetan.

Prentsaurrekoa eskaini dute gaur eguerdian alkateak berak, Sozioekonomia batzordeko buru Beatriz Juezek eta udaleko enplegu teknikari Dioni Avilak, egitasmoaren nondik-norakoak azaltzeko.

Avilak aipatu duenez, erregelamendua onartua eta Gipuzkoako Boletinean argitaratua izan bada ere, proiektua disposizio fasean dago oraindik. Hau da, hilabete amaierara arte ez da amaituko onarpen-fasea, oraindik alegazio edo antzekoren bat jaso baitezake proiektuak. Beraz, martxoa hastearekin batera hasiko dira lanean mahai hori eratuko dutenak, udaleko zein hainbat eragile sozialetako ordezkariak, hain zuzen.

“Ikuspuntu askoren bilgune”

Herrian egoitza duten sindikatuak (LAB, ELA eta UGT), ADEGI, Michelin, Zubigune fundazioa, Emekin Emakume Ekintzaileen ekimena, Lanbide, ASIDEL Lasarte-Oriako Langabeen Plataforma, Aterpea merkatari elkartea, GUREAK, Gipuzkoako Komertzio Ganbara, Udaleko enplegu teknikaria… izango dira mahaian parte hartuko duten eragileak, besteak beste. Zaballosek azpimarratu moduan, “ikuspuntu askoren bilgune” izango da: “Herriko Enplegu Plana eta antzeko ekimenak diseinatzerakoan perspektiba desberdinak entzun nahi ditugu, ahalik eta aberatsenak izan daitezen proposamen horiek”.

Era berean, udal korporazioko alderdi politiko guztiek ordezkari bana edukiko dute. Mahaiko lehendakaria alkatea bera izango da, eta Sozioekonomia Batzordeko buru Beatriz Juezek egingo ditu lehendakariorde lanak.

Enplegu Mahaian parte hartzeko ateak “irekita” daudela nabarmendu du alkateak, lan-alorrean lan egiten duen herritar zein elkarte ororentzako.

Bilerak egin ostean hartzen diren erabakiak Sozioekonomia batzordera eramango dira gero, eta bertan politikariek hartuko dituzte erabakiak, alkateak jakinarazi duenez.

Udalaren eskumenak

Udalak enplegu-arloan dituen eskumenak “mugatuak” dira, alkateak zehaztu moduan: “Hainbat alor Gipuzkoako Diputazioak kudeatzen ditu, baina zergen kasuan esaterako, esku hartu dezakegu. Ekimenetako bat izan daiteke enpresentzako interesgarriak izango diren zergak diseinatzea, herrira etorri eta enplegua eskaini dezaten”.

Proposamen zehatzak diseinatzen hasi baino lehen, beste zenbait pauso eman behar dituztela aipatu du Zaballosek. Eragile sozial denekin harremanetan jarri behar dute, zehazteko zein izango den aipatu horietako bakoitzaren ordezkari.

Aurkako bozkarik ez

Zaballosek eta Juezek azpimarratu dute oposizioko alderdi bakar batek ere ez zuela egitasmoaren aurka bozkatu, urtarrileko udalbatzarrean gaia eztaibaidatu zutenean. Alderdi sozialistak 2014ko aurrekontuetan Herriko Enplegu Plana diseinatzeko emendakin bat aurkeztu zuela ere esan dute, eta onartua izan zela. Aurreko udal gobernuak urte horretako abenduan atera zuen lizitazioa, “apur bat berandu”, alkate eta zinegotziaren iritziz.

Arestian aipatu bezala, Herriko Enplegu Plana diseinatzea izango da mahaiaren zeregin garrantzitsuenetako bat martxotik aurrera.

Oso aukera interesgarria”

Udaleko enplegu teknikari Dioni Avilaren ustetan, Enplegu Mahaia eratzea “oso aukera interesgarria” da, lan sektoreko ikuspuntu desberdinetatik abiatuz “herriko langabeen alde” lan egin eta herriko azpiegitura ekonomikoa hobetzeko.