Emakumeen ahalduntzearen inguruan gogoeta

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 5a, 14:02
Emakumearen egunaren harira, Nazioarteko Elkartasuna GKEko kideak izan ziren atzo Emakumeen zentroan hitzaldia ematen. Erakundeak 2013an Lasarte-Oriako udaletik diru laguntza lerro bat eskuratu zuen eta Guatemalan, Champerico eskualdean hain zuzen, 9 hilabeteko iraupena izan zuen proiektua gauzatu zuen. Honen helburu nagusia, emakumeei formazioa emanaz, euren autonomia lortzea izan da.

Emakume zentroan Nazioarteko Elkartasuna Gobernuz Kanpoko Erakundeak azaldu zuen Lasarte-Oriako Udalaren diru laguntzarekin Guatemalan egindako lana. 9 hilabeterako laguntza eman zuen udalak baina erakundeak egitasmoari jarraipena eman dio. Bertako emakumeak arlo desberdinetan trebatu eta euren parte hartzea batzar komunitarioetan bultzatzea izan da helburua.

Guatemalan, Champerico eskualdea oso txiroa da eta analfabetismoa batez ere, emakumeen artean, oso altua da Deyanirak aipatu moduan. Horretaz gain ustelkeria politikoa eta matxismoak eragin zuzena du komunitate hauen eguneroko bizitzan.

Erakundeak batetik, elikadura burujabetza helburu duen proiektua gauzatu du. Emakumeak nekazaritzan trebatu ditu eta hazi ezberdinak emanda, euren lur sail txikietan landatu eta aurrerantzean, esparru honetan nolabaiteko autonomia izan dezaten bilatu du.

Bestetik, formazio ezberdinak egin dira emakumeen eskubideen inguruan, euren eskubideak zeintzuk diren jakin dezaten edota parte hartze legearen arabera, komunitatean pisua eta ordezkaritza izan dezaketela erakusteko. Lan askoren ondorioz, batzar ezberdinak osatu dituzte emakume hauek eta sare bat ere osatu dute euren parte hartzea bermatuz komunitatean. “Euren iritziak eta proposamenak gizonenak bezain balizkoak zirela ikusi zuten eta gogotsu ari dira asanblada hauetan lan egiten. Gainditu beharreko oztopoak asko izan dira, kasu askotan euren senarrek ez zieten etxetik ateratzen uzten eta gutxiago “gizonen” esparruetan muturra sartzeko, gobernuak ere ez zuen jarrera ona izan. Udal mailan, ustelkeria handia da eta emakume talde hauek euren parte hartzea eskatzen ari dira, kontuak eskatzen dizkiete udal agintariei eta mehatxuak ere jaso dituzte.”

Oztopoak gainditu eta momentu honetan emakume taldeen sare hau erreferente bilakatzen ari da eta beste zonalde batzuetara zabaltzen, 350 emakume ari dira lanean.

Bestalde, Amaia Asonkorda izan zuten ere gonbidatu. 16 urte El Salvadorren bizi ondoren, ondo ezagutzen du hegoaldeko emakumeen errealitatea eta hango emakumeen problematikak hemengoak dituztenekin parekatu zituen, ondorioztatuz, asko direla antzekotasunak. Horien artean larriena, emakumeek pairatzen duten biolentziari dagokiona.