Elkarretaratzea ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 24a, 10:31
Duela 39 urte aldarrikatu zen SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa. Urteurren hori nabarmendu eta gogora ekarriz, mozio bat aurkeztu zuen 'Euskal Herriko lagunak Mendebaldeko Saharakoekin bat' taldeak joan den astearteko udalbatzarrean. Onartua izan zen. Prentsaurrekoa egin zuten Villa Mirentxun, mozioa babestu zuten alderdiei eskerrak eman eta Hassana Aalia ekintzaileari "elkartasuna" adierazteko, besteak beste.

Mendebaldeko Sahararren lagunek ostiralean elkarretaratzea egingo dute Okendon, 19:30ean, 'Maroko Saharatik at independentzia Mendebaldeko Sahararentzat' lelopean. 

Bestalde, Hassana Aalia ekintzailearentzat elkartasun hitzak izan zituzten agerraldian. “Hassanaren etorkizuna airean dago oraindik; elkartasuna bidaltzen diogu guk Lasarte-Oriatik”, esan zuen taldeko kide den Tomas Arrutik. 

Mozioa udalbatzarrean
Mendebaldeko Saharako bandera udaletxeko balkoian ikusiko dute herritarrek hilaren 27an, elkarretaratzearen egun berean. Hori izan zen alderdi politikoek udalbatzarrean onartutako puntu bat, 'Euskal Herriko lagunak Mendebaldeko Saharakoekin bat' taldeak aurkeztutako mozioaren baitakoa. 

Babes handia jaso zuen mozioak: 13 zinegotzik alde bozkatu zuten, eta abstenitu egin ziren beste lauak. Taldeak “eskerrak” eman zizkien alderdi politikoei, udalbatzar horretan testua babesteagatik.
Hainbat puntuz zegoen osatua mozio hori. Mendebaldeko Saharan “giza eskubideen urraketak” gertatzen direla salatu zuten; Mendebaldeko Saharako biztanleek eta pertsona orok “mugimendu askatasuna” dutela aldarrikatu eta 2.600 kilometro luze den “lotsaren harresia kentzeko” eskatu zuten. 

Horrez gain, SEADren “autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea” aitortzeko eskatu eta “kolonizazio prozesua” amaitzeko aldarrikatu zuten baita ere. Hurrengo aldarrikapena ostiralean, otsailaren 27an egingo dute, Okendo plazan, 19:30ean.