Elkarbizitza eredu

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 24a, 11:25
Kulturartekotasun astea burutzen ari dira Sasoeta-Zumaburu ikastetxean. Astelehenean lehen ekitaldiak eta Errumaniari buruzko hitzaldiak eman zion hasiera asteari. Bihar, ekintzaz betetako jaialdi handi batek emango dio amaiera. Baina bitartean kultura ezberdinak ezagutzeko aukera izan da ikastetxean.

Astelehenean, Mirena Gonzalez, Dyan Montero, Koro Dominguez eta Peio Sanchez Burunzpe guraso elkarteko Kulturartekotasun batzordeko lagunekin batera, Pablo Barrio alkatea, Jose Manuel Bujanda Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren Kabineteko zuzendaria eta Bikendi Lazkano Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko zuzendaria izan ziren aurtengo Kulturartekotasun asteari hasiera ematen.

Ostean, Mioara Denisov Decebal Errumania-Euskadi elkarteko kideak bere herriaren berri eman zuen. 

Asteartean, Saharar herria izan zen protagonista. Tebal elkarteko Ibon Ibargurenek eta Brahim Ahmed Euskadiko Frente Polisarioko ordezkariak eman zuten honen berri.

Asteazkenean, gazteek herri ijitoaren aurrera-pausoen berri izan zuten eta arratsaldean, gurasoek Islamari buruzko xehetasunak eta kanpoko emakumeen ikuspuntua ezagutu zituzten. 

Atzo berriz, Porrotx pailazoaren bisitak hankaz gora jarri zuen ikastetxea eta perkusio tailerra ere izan zen.

Era berean, Saharar herriari buruzko erakusketa eta batzordeak antolatutako argazki lehiaketako erakusketa ere ikusgai izan dira astean zehar.

Tailerrak eta jaialdia

Gaur, tailerrak izango dira nagusi. Graffiti, txalo jotze edo dantza orientaletan lehen pausoak emateko aukera izango da. Hip-hop eta Jalgune elkarteko lagunen emanaldia eta Dinbi Banda batukada ere bertan izango da.

Bihar larunbata berriz, egun osoko jaialdia izango da. Olinpiadak eta ume eta gurasoentzat tailerrak egingo dira. Sevillanak, Bollywood dantzak eta salsa kubatarra ikasi ahalko dituzte hurbiltzen diren herritarrek.

Hainbat emanaldiz gozatzeko aukera ere izango da: Kukuka haur dantza eta sormen taldea, “Nigeria Canta”, “Bolivia Baila”, Zambra taldea, Semblante Rociero, Bollywood ikuskizuna, Amaia Gonzalez dantzariaren erakustaldia eta salsa kubatar taldearen emanaldia.

Munduko abestiak ikasteko saioa bat ere izango da eta arratsaldean, te aretoa osatuko da Tebal elkartearen haima erraldoian. 

Literatura eta argazki lehiaketako sari banaketak egingo dira, baita bingoa eta zozketa ere. 

Burunzpek herritarrak gonbidatzen ditu Sasoeta ikastetxean gaur eta bihar egingo diren ekintzetan parte hartzera.