Ekintzez beteriko egitarauarekin Udaberri Festa ospatuko da ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 10a, 12:48
Aterpea Merkatarien elkarteak antolatuta, Udaberri Festa egingo da ostiralean, Lasarte-Orian. Horren berri eman zuten atzo, Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek eta herriko merkataritzetako arduradunek

Udaberri Festa ospatuko da, ostiralean, Lasarte-Orian, hirugarren urtez.Aterpea Merkatarien elkarteak antolatuta, hamaika ekintza izango dira arratsaldean zehar herriko txoko ezberdinetan.

Etxeko txikienek, puzgarrietan arratsaldeaz gozatzeko aukera bat baino gehiago izango dute. Juan XXIII. plazan esaterako, arratsaldeko 17:30etatik iluntzeko 20:30etara izango dute puzgarrietan ibiltzeko aukera. Baina ez da aipatu leku hori izango puzgarriez gozatzeko, izan ere, ordutegi berdinean, Zumaburu elizako plazan eta Urko plazan ere puzgarriak izango dira Lasarte-Oriako haur eta gaztetxoen gozamenerako.

Honekin batera, gerriak mugitu eta dantza aritzeko aukerarik ere ez da faltako. Horrela, Amaia Gonzalez Caballero dantzariak, dantzan jarriko ditu haur eta gazteak. Bi saio eskainiko dira; lehena, 17:30ean, gaztetxoenentzako Funky ikastaroa, eta bigarrena, berriz, helduei zuzendutako dantza latinoak ikasteko aukera izango da. Azken hau 19:00etan hasiko da.

Arratsaldean zehar, Udal Musika Eskolako trikitilariak Atsobakar auzoan arituko dira trikiti doinuak eskaintzen, eta ekitaldiekin amaitzeko, iluntzeko 19:00etan hasi eta 20:30ak bitarte, Gautxori Txaranga ibiliko da herriko kaleak alaitzen.

Antolatzaileek jakitera eman duten moduan, eguraldi txarra egingo balu, Loidibarren pilotalekuan egingo lirateke aurrez aipatu ekintza horiek guztiak.

Eskaintza bereziak herriko merkataritzetan
Atzoko agerraldian Ramon Ormazabal Aterpea Merkatarien elkarteko lehendakariak azaldu moduan, ostiralean, eskaintza bereziak, tailerrak eta beherapenak izango dira Aterpeako merkataritzetan.

Udaberri Festako marrazkiak
Aurtengo marrazki lehiaketan 700 marrazki aurkeztu direla ere jakinarazi zuen Ormazabalek; "iragan urtean baino zenbait gutxiago  aurkeztu dira aurten, izan ere, lehengo urtean, parte hartzaileen adin-tartea zabalagoa izan zen".

Marrazki horiek, maiatzaren 19ra bitarte izango dira herriko merkataritzetan ikusgai, nahiz eta Udaberri Festa egunetik aurrera jaso ahal izango dituzten egileek euren marrazkiak.