EAJren 'Zurekin' aldizkaria

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 15a, 10:59
EAJren “Zurekin” aldizkariaren zenbaki berria Lasarte-Oriako etxe guztietara zabaltzen hasia da dagoeneko. “EAJ herriko eragileekin elkarrizketan” izan da oraingo honetan aldizkariaren gai nagusia. Izan ere EAJk lan-dinamika bat jarri du martxan herritarrekin eta gizarte eragileekin harremanetan jarri, eta Lasarte-Oriaren “etorkizunerako diseinu estrategikoa egiten lagunduko duten proposamenak jaso, partekatu eta lantzeko helburuarekin”.

“Ekimen honekin herritarrengana gerturatu nahi dugu, haien zain egon gabe. Harreman estiloa markatu nahi dugu, jarrera proaktibo eta komunikatiboarekin”, adierazi dute. Enplegua eta ekonomiari buruz, kirolari buruz eta ongizateari buruz idatzi dute.EAJko talde batek, udaletxean zinegotzi ere baden Estitxu Alkorta alkategaiarekin batera, Lasarte-Oriako eragile sozial eta ekonomiko desberdinekin hainbat kontaktu egin ditu: “Ez digu axola zein den beraien ideologia politikoa. Uste dugu politika egitea denontzat gobernatzea dela, eta pertsona eta kolektibo guztiek izan behar dutela ekarpenak egiteko modua”.
Jeltzaleek martxan jarri duten lan dinamika horren berri emateaz gain, pil-pilean dauden zenbait gairen inguruko informazioa ere helarazi zenbaki honetan, hala nola, 2015eko Ordenantza Fiskalen onarpenaren gatazka edota Bailarako Garapen Agentziaren proiektuari buruzkoa.