EAJk salatu du udalak uko egin diola 430.000 euroko diru laguntzari

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 23a, 17:18
Sasoeta eta Landaberri ikastetxeak berritzeko lanen %60 ordaintzeko prest zegoen Eusko Jaurlaritza, baina obrak ez dira egin. "Aukera galdua da. Pena handia da, diru askoz ari gara hitz egiten", esan du Jon Antxordoki EAJko bozeramaileak.

Udalak Sasoetako ikastetxeko fatxada eta estalkia eta Landaberri ikastolako estalkia aldatzeko aukera zuen, baina ez ditu Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak aprobetxatu. Horixe salatu du Jon Antxordoki EAJko zinegotziak. Haren kalkuluen arabera, guztira 430.000 euroko diru laguntzari uko egin dio Jesus Zaballos alkateak. "Diru asko da. Pena da, lan horiek egiteko premia badago eta". 

Ikastetxeak udalaren menpeko lurretan daude, baina Hezkuntza sailari dagozkion zentroak direnez, Eusko Jaurlaritzak finantzazioan laguntzen du. Hain zuzen, %60 bere gain hartzen du. EAJk erakutsitako alkatetza dekretuan ikusten denez, udalak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa zuten Sasoeta eta Landaberri ikastetxeak berritzeko.

Honenbestez, Sasoeta ikastetxeko fatxada eta estalkia berritzeko 269.000 euro jartzeko prest zegoen Gasteiz. Eta Landaberri ikastolako estalkia aldatzeko, 162.000 euro emateko. Alegia, guztira 431.000 euroko diru laguntzaz aprobetxatu zitekeen Lasarte-Oriako Udala. Laguntza 2018ko martxoan hitzartu zuten, baina obrak egin ez direnez, udalak ez du dirudik jasoko.  

"Zaila da ulertzea Zaballos jauna ez gai izatea bi obra garrantzitsu horiek kudaetzeko, bereziki Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak azken urteetan Lasarte-Orian egin dituen eta egiten ari den inbertsioak kontutan hartzen baditugu: Garaikoetxeako jantokia, Oriarteko lehen zikloko eraikinaren estalkia, institutuko jantokia, eta Zumaburuko estalkia eta hainbat berriztatze lan", esan du Antxordokik. 

Landaberriko estalkia 2018ko aurrekontuetan sartu zuen EAJk, baina kendu egin zuten gero, alkateak hala eskatuta, aurrekontua orekatzeko. "Lasarte-Oriako EAJ-PNV udal taldeak Zaballos jaunari kudeaketa kontuetan ardura eskatu nahi dio. EAJ-PNVk erakutsi duen ardura Zumaburuko eraikineko obraren kasuan familiei lagunduz, zuzendaritzarekin denbora osoan harremana mantenduz eta Hezkuntza sailari zegozkion konpromisoak eta epeak bete zitzala exigituz. Ez al zen Zumaburuko eraikinaren egoera behar bezain larria izan orain beste eraikinetako obrak atzeratzen ibili behar izateko?".