Donostiako kaleak hartu dituzte errausketaren aurkako aldarriek

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 27a, 21:09

Milaka gipuzkoar elkartu dira Donostian, errausketari ezetz esateko, ozen eta argi. Lasarteoriatar ugarik egin dute bat deialdiarekin, eguraldi kaskarrari desafio eginez

Zubietako erraustegiko lanek aurrera jarraitzen duten arren, milaka gipuzkoarrek uste dute posible dela "azpiegitura gaindimentsionatu" hori geratzea. Eguraldi txarrari entzungor egin eta Donostiara joan dira, errausketaren aurkako mugimenduek, sindikatuek eta beste hainbat eragilek deitutako manifestazioan parte hartzera. 

Amarako Mendeurren plazatik abiatu da manifestazioa, 17:00etan. Giroa hotz, eta eztarriak bero: errausketaren aurkako hainbat aldarri zabaldu dituzte, ozen eta argi. Hainbat kaletan barrena ibili ostean, Alderdi Eder bete eta bertan amaitu dute aldarrikapen eta protesta ekitaldia. Argi dute hondakinak erraustea ez dela sistema egoki, osasuntsu eta jasangarri bat.

Mundu osoko zenbait erraustegiren egoerak jakinarazi dituzte manifestazioan. Madrilgo Valdemingomez, esaterako, itxi egingo dute; Italian, hamabi planta berri egiteko baimena ez dute onartu; Sidneyn (Australia) egin nahi zuten makro erraustegiaren proiektua atzera bota dute; Buenos Aires hiriak (Argentina) ezingo ditu hondakinak erre.

Hamabost eragilek deitu dute ekitaldia. Errausketaren aurka inoiz egin den "manifestazio anitzena" izan dela nabarmendu du GuraSOS elkarteak.