Donejakue bideko seinale berriak herrian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 27a, 11:44
Donejakue Bidea Lasarte-Orian barrena markatzen duten seinale berriak jarri dira.

Udalak turismoa garatzeko asmoz, Donejakue Bideak eskualdean barrena egiten duen ibilbideari balio handiagoa emateko lanean ari dela jakitera eman du. Irundik datorren ibilbidea Gipuzkoa barrualdean sartzen da, Frantses Bidea eta Orreagatik datorren bidearekin lotzeko.

Ipini diren 4 seinale berriei esker, Saiatz bidea deritzonetik erromesaldia egin nahi dutenak hobeto orientatuko dira. Udalak azaldu duenez, bere garaian, Druck Servicios Gráficos SLU enpresari adjudikatu zitzaion seinaleen hornikuntza 1.476 eurogatik.

Saiatz Bidea Hernanin abiatzen da. Herrigune historikotik atera eta bidea Santa Barbara bailarara iristen da. Gora egiten du eta hortik Agirre baserrira, gero Lasarte-Oriatik igarota. Hori eginda, Zabaleta auzoa gurutzatu eta, Buenos Aires aldapan behera jaitsiz, erdialdean sartzen da. San Pedro elizatik Zubietako kalerantz egiten du, han dagoen Santiago elizara.

Bestalde, Behemendi elkartea plano bat prestatzen ari da, ibilbide hori ezagutzera emateko. Planoa urrian eskuragarri egongo dela aurreikusten du udalak.