Diru-laguntzen 2017-2019ko Plan Estrategikoa onartu da

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 21a, 11:45
Udalbatzarrak 2017-2019ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu zuen. Epe horretan udalak pertsonei, familiei edo entitate pribatuei emateko aurreikusita dauzkan diru-laguntzak jasotzen ditu plan horrek.

Planak bi zati ditu: lehenengoa, xedapenezkoa, planaren funtzionamendua arautzen duenada; eta bigarrena, berriz, diru-laguntzen lerroak eta hiru urteetarako aurreikusitako kontu-sailak jasotzen ditu.

Urtero udaleko aurrekontuek plana betetzeko beharrezkoak diren kontu-sailak jaso beharko dituztela ezartzen du, eta erreminta baliagarria da, beraz, aurrekontuak planifikatzeko.

Plan hori kontrolatzearen ardura udaleko kontu-hartzailearena izango da, eta, planaren iraunaldia amaitutakoan, sail guztietako arduradunek Alkatetzari memoria bat aurkeztu beharko diote.