Dantzaz beteriko asteburua antolatu du Erketzek

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 26a, 22:47
Erketz Euskal Dantzari taldeak eta Lasarte-Oriako kultura sailak, Saustatxo eta Udaberri elkarte gastronomikoen laguntzarekin, dantzari eskeinitako asteburua antolatu dute maiatzaren 30 eta 31erako. Larunbatean, hilaren 30ean, Dantzari Eguna ospatuko dute lehen aldiz eta igandean, hilaren 31n berriz, Dantzari Txiki Eguna.

I. Dantzari Eguna 2018an ospatuko den ERKETZ E.D.Tren 50. urteurrenaren antolakuntzaren hasiera izango da. Urrezko Ezteiak prestatzen hasi dira taldeko kideak asteburu honetako ekintzekin.

Larunbatean, Añorgako Arkaitz eta Hernaniko Ttarla dantza taldeek hartuko dute parte, Lasarte-Oriako Erketz E.D.Trekin batera. Programari hasiera desfileak emango dio 17:00etan eta Zumaburu Eskolan taldeak duen lokaletik Okendo enparantzaraino bidea egingo dute denek. Ibilbidean zehar bi geldialdi egingo dituzte eta hiru taldeek euren dantzen aurrerapen bat eskainiko dute. Lehenik, Zumaburuko zaharren egoitzaren parean hiru taldeek bost minutuko dantza ikuskizuna egingo dute. Desfileak Kale Nagusian barrena jarraituko du eta zentroko autobus geltokiaren aurrean berriz ere bigarren geldialdi bat egingo dute. Hipodromo etorbidetik Okendo plazara abiatu eta bertan emango zaio emanaldi nagusiari hasiera.

18:00etan hasiko da saioa Okendo plazan eta eguraldi txarra eginez gero, desfilea bertan behera utzi eta emanaldia Loidibarrengo frontoian ospatuko da ordu berean.

Talde bakoitzeko bikote batek agurra eta ezpata txikia batera dantzatuko dute ikuskizunaren irekiera moduan. Jarraian, talde bakoitzak 20 minutu izango ditu prestaturik ekarritako emanaldia egiteko. Okendo plazan eserlekuak jarrito ditu antolakuntzak eta iazko arrakasta berdintzea espero dute ordu eta erdi inguru iraungo duen emanaldian.

Dantzari Txiki Eguna

Maiatzaren 31n, igandean, XXVII. Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute Santurtziko Zugaitza, Falcesko Makaia, Oreretako Ereintza, Andoaingo Urki eta Lasarte-Oriako Kukuka eta Erketz Dantza Eskola taldeen parte-hartzearekin.

10:30ean talde guztiei harrera egingo zaie Isla plazan eta 11:00etatik aurrera herriko auzo ezberdinetan emanaldiak egingo dituzte. 13:30etan gaztetxoek Udaberrri eta Saustatxo elkarteetan bazkalduko dute eta begiraleek berriz, Arrieskalletan. Arratsaldean, 16:45ak inguruan, parte-hartzaileak Okendon bildu eta desfilea hasiko dute Kale Nagusia, Tajamar, Hipodromo etorbidea eta Geltoki Kalean barrena, 17:00etan Okendo plazan Dantzari Txiki eguneko emanaldi nagusia hasi aurretik. Antolakuntzak jakinarazi du euria eginez gero, Michelinen burutuko dituztela ekintza guztiak.

Erketz Euskal Dantzari Taldeak bi egun hauetan parte hartu eta gozatzeko gonbidapena luzatzen die herritarrei.