Dantzaren nazioarteko eguna ospatuko da Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 26a, 16:00
Kukukak dantzaren nazioarteko egunarekin bat egin nahi izan du hirugarren urtez. Aurtengoan, herriko dantza eskola ezberdinen saio irekia egingo da Okendon asteazkenean 19:00etatik aurrera. Herritarrak honetan parte hartzera animatu dituzte.

Dantzaren nazioarteko eguna da apirilaren 29a. Maider Oiartzabal Kukukako dantza irakasleak esan bezala, “egun hau ospakizuna izateaz gain, aldarri eguna ere bada, dantza ikusarazteko eguna”. Hirugarren urtez Kukukaren ekimenez, egun honetan herriko dantzariak bilduko dira saio berezian. 

Aurtengoan herrian dauden dantza eskola ezberdinekin jarri dira harremanetan eta horrela saio ireki bat prestatu dute. Honetan izango dira Kukukako dantza ikasleak, Erketz EDT, Semblante Andaluz, eta Amaia Gonzalez Caballeroren eskolakoak. “Herriko dantza eskolek begi onez ikusi zuten ekintza eta oso pozik gaude izandako harrerarekin, gehiago ere gonbidatu genituen baina ezin izango dute egon”.

Helburua dantzaren inguruan lan egiten duten herriko taldeak bildu eta euren lana erakustea da jai giroan. Horretaz gain, beste estilo batzuk frogatu eta esperimentatzeko aukera eskainiko da.
Guztiek lan saio “berezia” egingo dute Okendo plazan. Oiartzabalek esan bezala, aurtengoan kalera atera nahi izan dute ekintza herritarrek parte har dezaten.

“Asmoa da eskola bakoitzeko ordezkariek pauso batzuk erakustea 15 minutuko klase irekian eta ondoren, bakoitzak 5 minutuko erakustaldia egitea” horrela ere besteen dantzak ezagutu eta ikasteko aukera izango dute dantza ikasle guztiek. 

Kontxu Iartzak azpimarratu du ekimena guztiz irekia izango dela eta herritarrak, “adin guztietakoak” parte hartu ahal izango dutela. 

Ekimenaren bukaeran, egunaren harira idatzitako manifestua irakurriko da. Urtero koreografo baten manifestua irakurtzen da mundu mailan eta aurtengoan, Israel Galvanen testua izango da Lasarte-Orian ere entzun ahal izango dena.