Bigarren Antzerki Topaketa izango da igandean, herrian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 24a, 10:17
Bakarrizketak, tailerra eta haur zein helduentzako taula gaineko ikuskizunak izango dira herriko hainbat txokotan.

Goiz eta arratsalde, egun osoko antzerki egitarau erakargarriak bilduko du igandea Lasarte-Orian; Kukuka antzerki eta dantza eskolak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolaturiko bigarren antzerki topaketa izango egingo da.

Goizeko 10:30ean izango da eguneko lehen saioa. Ordu horretan, familientzako antzerki tailerrean parte hartzeko aukera izango da, Sasoetako gimnasioan.

Hori amaitu eta jarraian, 'Amona Joxeparen istorioak'  haurrentzako antzezlana ikusteko aukera izango da. Hau, tailerraren leku berean izango da, Sasoetako Gimnasioan, eguerdiko 12:00etan.
Goizeko bi saio horien ostean, eguerdian bazkaltzeko tartea hartu eta arratsaldean, berriz ere, aukera bat baino gehiago izango dute lasarte-oriatarrek.

Arratsaldeko lehena, Ainhoa Alberdiren 'Zapatak' bakarrizketa izango da, Ttakunenea Elkartean, 18:00ean. Lan honek, antzerkia eta zuzeneko musika uztartuko ditu, Ainhoa Alberdiren aktorearen eta Jurdana Otxoa musikariaren eskutik.

Zapatak ikuskizunaren ostean eta ordubete beranduago, 'Txiki Barrez blai' umorezko bakarrizketa saioa izango da Furia Beltza tabernan. 

Antzerki topaketarekin amaitzeko, berriz, iluntzeko 20:00ean, 'Inklusioaz formatu txikian' antzerkia ikusteko tarte atsegina izango da Abend garagardotegian.

Antzerkiaren alderdi iluna 
Urte osoan zehar, antzerkiaren munduan lan egiten duten  aktore, gidoilari eta antzerkizaleek bizi duten egoera prekarioa mahai gainean jarri nahi izan dute aurtengo topaketan. Izan ere, lan horretan dihardutenek lan eskasak baitituzte, adierazi dute.

Baliabide eta laguntza gutxi izan ohi dituzte proiektuak aurrera eramateko. Horregatik guztiagatik, aurtengoa, garrantzi berezia eman nahi izan diete antzerkiaren munduan lanean ari direnen lan baldintza prekarioei, eta horretarako, 3 euroko bonu laguntzak atera dituzte; denon artean herrian emanaldia egingo dutenei laguntza eskaini asmoz.