Beterri garapen integralerako agentziaren egoitza Hernanin

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 26a, 11:40
Atzo aurkeztu zuten Hernanin Beterriko 6 udalerriei zerbitzua emango dien Garapen Integralerako Agentzia Gabriel Zelaia eraikinean, Florida kaleko 28 zenbakian. Honetan argitu zuten parte hartzaileek oraindik erakundea ez dela juridikoki eratu “hainbat interes politiko medio” hala ere, martxan direla eskualdeko herritarrentzat hainbat zerbitzu.

“Ju­ridikoki ez da sortu oraindik” argitu zuten Hernanira bertaratutako udal ordezkariek, tartean Pablo Barrio alkatea, horrekin batera azpimarratu nahi izan zuten eraketa hau ez dela posible izan “interes politiko batzuk medio, baina horiek ezin dira gi­zar­te­a­­ren in­te­re­sen gainetik egon”.

Egitasmo komunak martxan daudela azpimarratu nahi izan zuten eta Hernanin zabaldutako egoitza aurrera pausu bat gehiago dela nabarmendu zuten.

Lehenengo egoitza honen aurkezpenean Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Andoain eta Usurbilgo alkateekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo dipu­ta­tua, Jon Peli Uriguen izan zen.

Eskualdeko langabeziari aurre egin nahi zaio, langabeziaren egoera aldatzeko estrategia eta azpiegiturak ezarriz. Honetarako hain zuzen, Innoforo eta Kooperatzen proiektuak martxan daude.

Zerbitzu eskaintza

Alde batetik, eskualdearen gaitasuna aztertu nahian, Innoforo proiektua garatu da, enplegu eta jarduera ekonomikoen sorkuntza bultzatu nahian. Bestetik, Kooperatzen proiektuak, enpresa berriak sortzeko gidaritza eskaintzen du. Agentziak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, enplegu zerbitzua eta ekintzaile zerbitzua daude, biak ekonomia suspertu eta aberastera bideratuta.

Era berean, garapen agentzia honek tokiko enpresa, ekintzaile eta herritarrei eskainiko dizkien sei zerbitzuak azaldu ziren. Hauek enplegu-zerbitzua, ekintzaile-zerbitzua, enpresa-zerbitzua, merkataritza sustapena, turismo sustapena eta sektore berrien edo estrategikoen sustapena dira. Garapen agentziari buruzko informazioa, www.beterri.eus orrialdean aurki daiteke, beterri@beterri.eus helbide elektronikoan edo 943 25 63 47 telefonoan eskura daiteke.