Bertsoak eta Vendetta, San Pedro gaueko aukerak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 30a, 03:17
None
Ohiko bertso saioa egin dute Manuel Lekuona kultur etxean, herriko bertsolari eta puntako beste batzuekin. Okendo plaza bete du gero Vendettak

Bapo afaldu, eta kafearen ostean bertsoak. San Pedro gaueko askoren plana izan da. Afalostean sei bertsolarik hartu dute Manuel Lekuonako oholtza, eta aretoa bete dute herritarrek, bertsolaritza herrian jarraitzen den seinale. Herriko bi bertsolari: Ane Labaka eta Unai Muñoa. Kanpoko beste lau: Beñat Iguaran, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña. Azken bi horiek ohikoak Lasarte-Orian bertsoaren bueltan antolatzen diren ekitaldietan. 

Oraina bakarrik ez, bertsoek ere badute etorkizuna. Hori erakutsi dute herriko bertso eskolako gaztetxoek. Bertsolari guztiak agurtu dituzte oholtzatik, umorea alde batera utzi gabe. Modu berean erantzun diete haiek. 

Uxue Loinaz aritu da gaiak jartzen. Herriarekin zer ikusia duten asko, eta gaurkotasuneko beste batzuk. Esaterako, Euskaraldia, Osakidetza, feminismoa... Bertsolarien artean umorez adarra jotzeko aukera ere izan da; algaraz erantzun dute ikus-entzuleek. 

Bertsoez aparte, San Pedroko gauak eskaini ditu beste hainbat ekintza. Esaterako, gaztetxoenek zezensuzkoaz ihesi egin dute Kale Nagusian. Gauerdian abiatu dira horietako bi, eta kalea gora eta behera gurutzatu dute. 

Dantza egiteko aukera aprobetxatu dute beste askok, Isla plazan. Ibai berriak taldeak dantzaldia eskaini du, eta bikote ugari aritu dira lotuta dantzan. Ekaitzak lehertu du, baina euri jasaren ondoren atertu du, eta ez da nahikoa izan dantzaldia zapuzteko. 

Kontzertuen ordua noiz iritsiko zain zeuden asko. Izan ere, Vendetta taldea desagertzekoa da aurten, eta azkenetariko kontzertua eman du Lasarte-Orian. Plaza lepo bete da, eta taldeak abesti zaharrak kantatzeko ere aprobetxatu du. 

Azkenik, parranderoenentzako Sorgin Jaiak Erokomeria erromeria taldea ekarri du. Vendettaren ostean jo dute, eta giroa jarri dute taberna zuloan sartu nahi ez zutenentzat.