Berriketan saioa Gure Esku Dagok antolatuta

maider-azurmendi 2017ko urt. 20a, 10:08
Harremanak sendotzeko eta parte hartzea lantzeko ekitaldi irekia izango da urtarrilaren 28an Manuel Lekuonan 10:30ean Unai Apaolazak gidatuta

Lasarte-Oriako Gure Esku Dago dinamikak “Berriketan” saio irekia antolatu du urtarrilaren 28rako. 

“Topaketa honen helburua, maiatzaren 7ko galdeketaren aurretik herritarren arteko harremanak sendotzea eta parte hartzea lantzea da” taldeko kideek azaldu dutenez. 
Gogoetak partekatzeaz gain, iritzi, kezka eta beharrak plazaratzeko ere balioko du saioak eta baita, maiatzeko herri kontsultan egingo den galdera bera osatzeko “hainbat kontzeptu azaltzeko” ere.

Subjektu politikoa
Unai Apaolaza filosofia irakasleak abiatuko du Berriketan saioa. Bere laguntzarekin hainbat kontzeptu eta ideia argitzeko aukera izango dela azaldu dute lan taldeko kideek. 

Filosofia politikoaz ariko da, erabakia, independentzia, autodeterminazioa hitzen inguruan hitz egingo du Apaolazak besteak beste, “subjektu politikoa ulertzeko moduaz ariko naiz. Izan ere aldaketa sakonean gaude momentu honetan eta ohiko kontzeptuak birpentsatzea egokitzen da”. 

Orain arte nazioa izan da subjektu politikoa Apaolazak aipatu duenez “nazioa izate horrek ekartzen du estatuek onartu behar dutela nazio horren existentzia”. 

Aldiz, Katalunian gertatzen ari den prozesuak demokratizazio bat ekarri du “baita Europako beste adibide batzuek ere. Horrela izanda, erabakitze eskubidearekin beste bide bat zabaldu da. Erabakitzea ez dago beste batzuen gain baizik eta denok dugun eskubide bat da, norbanakoaren eskubidea da”.

Politika ulertzeko beste modu bat zabaldu dela esan daitekeela uste du Apaolazak.

“Erabakitzeko eskubidea demokraziak ahalbidetzen du eta indartu egiten ditu bai independentistak baita unionistak ere, azkenean esan bezala, independentismoa ulertzeko beste modu batzuk sortzen ari dira”. 

Berriz ere Kataluniako adibideari erreparatuz, “lehenengo araua da ahalik eta jende gehien lotzea, hau da, gehiengoa bilatzea kontsulatren inguruan”.

Independentzia
Orokorrean, “termino asko nahasten dira, batez ere independentzia,  autodeterminazioa... eta horiek azaldu eta jendearen zalantzak argitzen saiatuko naiz  hitzaldian”. Apaolazarentzat “saioaren tarte interesgarriena bigarrena izango da, solasaldirako tartean bertaratutakoek euren zalantzak eta iritziak bota ahal izango dituzte”. 

Solasaldia
Hitzaldiaren ostean, herritarrak talde txikietan elkartuko dira “solasaldia giro goxoan egin ahal izateko”. Saioaren azken tartea maiatzaren 7rako galdera proposamenak egiteko baliatuko dela ere aipatu dute Gure Esku Dago dinamikatik. “Prozesu interesgarri honetan ahalik eta jende gehien eta batez ere anitzena elkartzeko helburuarekin, gonbita egin nahi diegu herritarrei urtarrilaren 28an Berriketan aritu daitezen”. Saioa goizeko 10:30etan hasiko da Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan eta bi orduko iraupena izango duela aurreratu dute antolatzaileek.