Berdintasunaren bila kirolean ere

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 10a, 12:52
Atzoko oztopoak oraindik erabat gainditu ez badira ere, aurrera pausoak emanaz, geroz eta emakume gehiago dira kirolaren munduan aurrera egitea lortzen dutenak. Lasarte-Oriako hainbat emakume kirolariren esperientziak bildu ditugu erreportajean.

Gizartearen arlo guztietan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak nabariak dira. Kiroletan ere, parekidetasunaren aldeko aldarriak ez dira inondik inora berriak, eta gizonezkoek baino emaitza hobeak lortzen dituztenean ere, merituen aitorpena ez da berdina izaten. Hedabideetan batzuen eta besteen lorpenen oihartzunaren artean desoreka handia dago oraindik, eta soldata eta sari apalagoak jasotzen dituzte emakumeek kirol gehienetan.

Historiari begiratu bat
Lasarte-Orian ATC (Aplicaciones Tecnicas de Caucho) enpresako langileek eta haien lagunek osatu zuten emakumezkoen lehenengo saskibaloi taldea, 1964. urtean. Ordura arte, gehienez ere lagun artean egiten zuten kirola Lasarte-Oriako emakumeek, eta ez zuten txapelketetan edota maila federatuan parte hartzen. 

Hurrengo hamarkadan, emakumezkoen presentzia kirol diziplina ezberdinetan sendotzen joan zen Lasarte-Orian.

Atletismoan, esaterako, emaitza bikainak lortu zituzten Michelin-Landaberri taldeko atletek 1974tik aurrera. Horien artean Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun ugari zeuden. Besteak beste, Ana Mari Fernandez, Noemi Montero, Elena Ollokiegi, Marta Urkola, Nekane Arratibel eta Letizia Galardi.

Saskibaloian talde ugari etorri ziren ATCren bide beretik, Michelinen, Sasoetaren edota Ostadarren izenpean, esaterako. Lehenengo mailara  iritsi ziren lau jokalari eman zituen, halaber, herriak: Arantxa Maiza, Ana Mari Fernandez, Ana Belen Peña eta Maite Maestro.

Futbolean 1991ean atera zuen Ostadarrek lehenengo emakumezkoen taldea, Añorga edo Easo Sport taldetan jokatzen zuten lasarteoriatar ugari ekarriz. Hala ere, kontuan hartu behar da 1970ean partidu batzuk jokatu zituztela Lasarte-Oriako emakume batzuek, Mikel Etxarrik entrenatuta, eta Oñati, Erandio eta Errenteria aurkari zituztela.

Igeriketan ere talde onak izan ditu gure herriak. Michelinen igeri egiten zuen Amaia Larrañaga, esaterako, Munduko Txapelketan lehiatu zen 1986an. Beranduago, Euskal Herriko Txapeldun izan zen Larraitz Artetxe herritarra.

Bestetik, Mariasun Yurritak tenisean arrakasta handia izan zuen 80ko eta 90ko hamarkadetan, non Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketa ugari irabazi zituen.

Dibertsifikazioa
Gaur egun egoera asko aldatu da. Emakume lasarteoriatar ugari aritzen da kirol oso ezberdinetan, eta nabarmentzekoak dira azken hamarkadako lorpenak. Maialen Chourrautek Rio de Janeiroko joko olinpikoetan eskuratutako urrezko domina da horien adierazle nagusia, baina diziplina ezberdinetan maila handia erakutsi dute Lasarte-Oriako kirolariek.

Hala ere, esan bezala, gizonezkoek baino oztopo gehiago eta traba handiagoak pairatzen dituzte oraindik ere. Euren kiroletan jasaten dituzten desberdintasunen inguruan galdetu diegu gaurko eta atzoko emakume kirolari lasarteoriatar batzuei. 

Kirolaren munduan sexuen arteko desorekak eduki duen bilakaera hobeto ulertzeko zenbait gako jarri dituzte mahai gainean; parekidetasunaren bidean, eman beharreko urratsak eta gainditu beharreko oztopoak nabarmenduz.

Arlo psikologikoak garrantzia handia du kirolean. Presioa, etsipena, arrakasta eta beste zenbait alderdi kudeatzen jakin behar du kirolari batek. Norabide horretan, Amaia Ramirez kirol psikologo lasarteoriatarrak bere ikuspegia partekatu du, psikologiatik gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortze aldera, egin beharreko planteamenduak eta lanketak azpimarratuz.

Berdintasuna ez da egun bakarreko borroka, eta arlo guztietan eman beharreko urratsekin soilik lor daiteke. Hala ere, kirolak gizartean duen garrantzia kontuan hartuz, parekidetasunaren aldeko lanketaren aldarrietako bat izateko indarra dauka.

Etorkizuneko kirolariak formakuntza bidean daude oraindik, eta eskola kirolean esaterako, mutilak neskak baino gehiago izaten jarraitzen badute ere, zenbakiak orekatuagoak daude: %43,9a dira emakumezkoak. Horren gainean eraikitzea izango da gakoetako bat.

Nola ikusten duzuemakumeen egoera kirolean?

EIDER MENDIZABAL - Bizkaia-Durangoko txirrindulari ohia.

"Bistakoa da kirola geroz eta jende gehiagoren egunerokoaren parte dela, baita emakumeen bizitzan ere eta hori oso pozgarria da; hala ere, horrek ez du esan nahi bi sexuen egoera berdina denik. Txapelketa arloan batez ere, oraindik mutil gehiago dago eta emakumeak baino baloratuagoak daude. Nik barrutik bizi izan dudan kirolean emakumeak askotan kirol taldeaz gain familiaren laguntza behar izan dugu aurrera jarraitzeko, mutil gehienen kasuan taldea kargu egiten den bitartean. Egia da gaur egun neska gehiagok egiten dutela aurrera eta nik bizi izandako egoera hobetu dela entzuteak pozten nau".

LORENA ZABALA - CD Sumendiko izotz hockey jokalaria.

"Alde batetik, emakumeak oraindik ere gizonezkoek duten onarpen maila bera lortu nahian gaudela ikusten dut; nahiz eta  emaitza berdinak edo hobeak lortzen ditugun askotan. Nire diziplinan atzetik goaz zenbait alderditan, beste kiroletan bezalaxe. Izotz hocketgutxiengo bati bakarrik interesatzen zaiola kontuan hartuta, pentsa emakumezkoen atalak eduki dezakeen oihartzuna… Traba edo oztopo handirik ez dugu, baina gizonezkoen atalak du beti lehentasuna entrenamenduak edo partiduak egiteko garaian. Hala ere, emakume borrokalari eta gogorrak gara; eta batez ere, hockeyaren zale amorratuak".

NIEVES CIVICOS - Herri lasterkaria.

"Geroz eta emakume gehiago ikusten dira kirol munduan. Hogei urtetik gora daramatzat nik kirola egiten, eta lehen ez ziren hainbeste emakume ikusten kirola egiten. Orain “Boom” bat izaten ari da eta oso ondo dagoela uste dut. Lasterketa munduan, emakume gutxi ginen orain urte batzuk korrika ibiltzen ginenak, eta gaur egun ordean, emakume ugari ari gara, geroz eta gehiago, lasterka. Diskriminazioa bazegoen garai haietan. Herri lasterketatan lehen hiru gizonezko irabazleentzako bakarrik izaten ziren sariak. Gaur egun, zorionez, hori ere aldatu da eta emakumeen kirola ere saritzen da".

PAOLA VEGA - Beltzak Errugbi taldeko jokalaria. 

"Gaur egun geroz eta emakume gehiago dabiltza kirol modalitatea guztietan. Geroz eta parekideago bihurtzen ari dira kirolak, batez ere orain arte gizonezko gehiago aritu diren horiek, baina oraindik ere errugbian jokatzera ausartzen ez diren emakumeak ere egon badaude. Emakume askok oso barneratua dute errugbia gizonezkoentzako kirola dela, eta pentsamendu horrek errugbia probatzera oztopatzen ditu. Garai batean ez zegoen emakumezkoen errugbi talderik, Hernanin eta Iruñean besterik ez zeuden eta gaur egun, berriz, emakumezkoen taldeak osatu dituzte. Hori pozgarria da". 

IRAIA IPARRAGIRRE - Realeko jokalaria.

"Aurrera pausu handiak egin diren arren, bide luzea geratzen da oraindik berdintasunera iristeko. Kirolaren munduan joera handia dago gizonezkoekin konparaketak egitera, edo behintzat nik hori sentitu izan dut. Ez zait atsegina egiten, ezin baitira batzuen eta besteen gorputzak alderatu. Nire betiko ametsa lehenengo mailara iristea izan da eta, ahaleginak ahalegin, lortu dut ailegatzea. Aurten, Iberdrola da ligako babesle nagusia, eta partidu gehiago ikusi ahal dira telebistan. Positiboki eragin digu guri, geroz eta jende gehiagok emakumezkoen futbola ikusten duelako eta konturatzen direlako kirola hau soilik ez dela gizonezkoena".

INTZA FERNANDEZ - Donostiarra taldeko arraunlaria.

"Orokorren nire ustez pixkanaka geroz eta gehiago baloratzen zaigu emakumeoi, baina beti mantentzen da kirol gehienak gizonentzat eginda dauden pentsamendu hori, emakumeentzat gogorregiak omen dialako, eta hau arraunean entzunda daukat. Estropada baten beroketa egiten ari ginela, lehorren zegoen gizon bati esaten entzun nion arrauna ez dela emakumeentzat eta ea azkar bukatzen genuen, berak gizonak ikusi nahi zituela. Hau beste kirol askotan ere gertatzen dela pentsatzen dut. Gaur egun, gure arraun klubean ere, bigarren plano batean sentitzen gara askotan".

MARIASUN YURRITA - Tenislari ohia eta tenis irakaslea.

"Emakumearen egoerak kirolean hobera egin duen arren, begibistakoak dira oraindik ere sexuen artean dauden  desberdintasunak. Halaber, komunikabideetan ez dugu oihartzun bera izaten.Berdintasuna oinarritik sustatu beharko litzateke. Tenisean, nire garaian, emakumezkook dirutan erdia irabazten genuen txapelketa edo sari berdinak eskuratzeagatik. Txapelketa askotan, gona janztera derrigortu gaituzte, eta emakume tenislariak itxurarengatik epaitzen dituzte. Orain dela hilabete batzuk komunikabide batek nabarmentzen zuen ‘soineko deigarria jantziaz’ irabazi zuela kirolari batek Grand Slam bat".

MANOLI ZUMETA - ATC taldeko saskibaloi jokalari ohia.

"Saskibaloiean jokatzen hasi ginenean, herrian ez zen emakumezkoen beste talderik. Harrera ona izan genuen, nahiz eta guk besteek esaten zutenari jaramonik ez genion egiten. Hala ere. egia da gizonezkoen taldeak serioago hartzen zituztela, eta emakumeok gurea borrokatuz lortu behar izan genuen. Egoerak hobera egin duen arren, oraindik asko falta berdintasuna lortu ahal izateko. Emakumeek oraindik oso zaila dute kirolaz bizitzea, eta gizonek agintean jarraitzen duten bitartean zaila egongo da. Guk kirolari esker lagun taldea osatu genuen. 'Marimutilak’ ginen.  Ez genuen panpinekin jolastea gustoko, eta baloia nahiago genuen".

ENERITZ BUSTO - LOKEko atleta.

"Berdintasunaren ikuspuntutik, atletismoan hobeto gaude. Hala ere, emakumezkoen partidu eta saio gutxi ikusi daitezke telebistan. Gainera, kirolarekin zerikusi handirik ez duten eztabaidei buruz aritzen dira askotan. Esaterako, joko olinpikoetan boleiboleko jokalarien janzkerari buruzko polemika sortu zenean. Iruditzen zait arropa ‘probokatiboa’ janztera behartzearena lotsagarria dela, emakumeak ikustea, eta ez kirola, bihurtzen baitute helburu. Berdintasunaren bidean pertsonak garela nabarmendu beharko genuke eta ez gorputz polit edo itsusiak. Hitz egin dezatela gure jardunaz".

NELY CARLA ALBERTO - Chambray Touraineko eskubaloi jokalaria.

"Pixkanaka egoera aldatzen ari bada ere oraindik emakume eta kirolari profesionala izatea oso zaila dela uste dut. Txikitatik erakutsi izan digute emakumeek aisiarako, gure gozamenerako egiten dugula kirola; helmugarik gabe. Mutilek, aldiz, egunen batean kirolari profesionalak izateko ametsarekin ekiten diote kirolari txikitatik. Ni pribilegiatua sentitzen naiz tituluz beteriko kirol bizitza profesional bat izateagatik, baina horretarako, Frantziara joan behar izan dut. Emakumeek  profesional izateko gizonezkoek bezainbeste lan egiten dutela kontuan izanda, urratsak eman behar dira berdintasunerantz".