Beñat Telleria azpitxapeldun Aiako harrijasotze Torneoan

jon-altuna-egitegi 2015ko ots. 25a, 19:40
Bigarren postuak min eta amorru puntu batekin hartu ohi dira. Zure aurretik egin duena Inhar Urruzuno Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelduna denean ordea, azpitxapeldun izateari garrantzia berezia eman behar zaio. Lan ona osatu zuen Telleria IV.ak Aian, pixkanaka gora datorren 19 urteko gazteak.

Azpitxapeldun, bigarren. Aian Telleriak lor zezakeen “posturik onena” bere esanetan. Kirolariei gutxien gustatzen zaien tokian, bigarrenean, amaitu zuen herriko harri-jasotzaileak Aiako Torneoa. Inhar Urruzuno Ondarroako txapelduna izan zuen soilik aurretik lasarteoriatar gazteak Gipuzkoako probaleku ezagunean. 

Lan gogorra eta luzea
75 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko zilindro zaharra eta 125 kiloko kopa erabili zituzten joan den igandean. Harri bakoitzarekin hiru minutuko txandak osatu zituzten parte-hartu zuten lau harri-jasotzaileek.

Urruzuno bizkaitarra izan zen onena, denera 10.000 kilo berdintzea lortu zuen 102 jasoalditan. Bigarren postuan Beñat Telleria sailkatu zen. Herritarrak 93 jasoalditan 9.000 kilo bizkarreratu zituen. Atzetik sailkatu ziren Josetxo Urrutia leitzarra 8.775 kilo eta 91 jasoaldirekin eta Iñigo Eizagirre zarauztarra 8.050 kilo eta 85 jasoaldirekin.

Gustura zen Telleria lanak amaituta, baina ez erabat. “Eguerdian botaka ibili nintzen, ez zidan utzi behar bezain ondo lehiatzen. Ez dakit urduritasunagatik edo zer, baina astelehena eta asteartea ere txarrak pasa ditut”. 

Jasoaldi askoko lana izan zuten, erresistentzia handia eskatzen zuena: “Bigarren harrirako zeharo jota nengoen, halere anaia eta aita alboan laguntzen izateak lagundu egin zidan. Hirugarren harriarekin lasaiago atera nintzen, jasoaldi askoko bentaja ateratzen niolako Josetxo Urrutiari eta hobeto aritu nintzen, presiorik gabe", zioen Telleriak. 

Gazte izanagatik, ikusiko da nora ailegatzeko gai den 19 urteko herritarra. Gaur-gaurkoz, pozik da izaten ari den bilakaerarekin: “Urtetik urtera mejora nabari dut, kilotan gehiago naiz eta hor aldea dago, indarrean. Pixkanaka joan nahi dut, ikusi behar noraino iristen garen”.

Asteazken eta larunbatetan harriarekin entrenatzen du Telleria anaietan gazteenak eta hark dioen bezala “petxua” egiteko mendian gora eta behera ibiltzen da.

Aurrera begirako erronkak
Orain atseden hartuko du udarara arte, 'Kintopetako Txapelketa' gorputz eta arima prestatu nahi du, 21 urtez azpiko Euskal Herriko txapelketa garrantzitsuena hain zuzen. “Hau bukatuta beste txapelketaren bat antolatzen badute aurkeztuko naiz, baina printzipioz erronka garrantzitsuena Kintopekoa da guretzat”.

Ispilu ona du fabrikazio mekanikoko estudianteak: Aimar Irigoien. Errezildarra Telleriatarrenera joan ohi da astero entrenatzera: “Asko daki, aholkuak ematen dizkit”, dio Telleriak, txapelduna irakasle duen ikasle gazteak.