Belaunaldi ezberdinak elkarrekin Landaberriren urteurren ospakizunetan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 25a, 18:59
Landaberri Ikastoaren berrogeita hamargarren urteurrenak, ospakizun ugariz bete du asteburua, Lasarte-Orian. Adin eta gustu guztietarako ekintzak izan dira ostiral, larunbat eta igandean.

Ekintzez beteriko asteburua izan dute Landaberri Ikastolako ikasle, irakasle, guraso, ikasle ohi eta kideek. Hainbat belaunaldi bildu dira ikastolaren mende erdiko urteurren ospakizunetan. Asteburuko lehen ekintza, ostiral gauean egin zuten. Landaberriren berrogeta hamar urte luzeei begirada bat bota asmoz, 'Bertso berriak, Landaberrin ibilitakoek jarriak' bertso saio berezia antolatu zuten, Manuel Lekuona kultur etxean eta bertsotan kontatu zituzten urte horietan guztietan bizitakoak. 

Larunbatean berriz, kalean egin zituzten ekintzak. Goizeko 11:00etan, etxeko txikienentzat puzgarriak izan ziren Okendo Plazan. Eguraldi ona lagun, haur eta gazte ugari bildu ziren goizaz gozatu asmoz. Ordu eta erdi beranduago, 12:30etan, Xumelak kantu jira txikia egin zuen herriko kaleetan zehar. Eskusoinuaren doinuek lagunduta, askotariko kantak abestu zituzten; astoa ikusi nuen, epo ita ita ye eta ikusi mendizaleak abestiak entzun ahal izan ziren. Arratsaldean, bazkal osteko indarrak hartuta, 17:00etan Eriz magoak, magia ikuskizuna eskaini zuen Okendo Plazan eta gauean, 22:00etan, rock musika estiloko kontzertuak eskaini zituzten Hilotz, Skakeo eta Gabezia taldeek. 

Gaur goizean ere izan dira ekintza bat baino gehiago. Goizeko 10:00etan, ikasle, ikasle ohi, irakasle eta gurasoen arteko olinpiadak egin dituzte Mitxelingo kirolgunean. Guztira, belaunaldi ezberdinetako zazpi talde osatu dituzte eta eguerdira bitarte, elkarren arteko jolasetan parte hartzen aritu dira, lagunarteko giro atsegin batean. Bi orduko kirol saioaren ostean, galdutako indarrak berreskuratzeko, kirolgunetik bertatik txarangak girotutako pintxo pote batekin eman diote amaiera ekintza ugariz betetako ospakizun asteburuari.

Egitaraua, urriko lehen asteburura arte luzatuko da, beraz, izango dira oraindik ere urteurren festaz gozatzeko aukera bat baino gehiago.

Hurrengo hitzorduak

Irailak 26an, Mirentxuenean, ipuin kontalariak izango dira arratsaldeko 18:00etan.

Irailak 27an, ikasle ohien bisitak jasoko dituzte Landaberri DBH-n eta Hipodromoko eraikinean

Irailak 28an, Biolin magikoa antzezlana izango da Manuel Lekuona kultur etxean, 18:00etan.

Irailak 29an, argazki eta eskulanen erakusketa irekiko dute Antonio Mercero aretoan, 17:30etan.

Irailak 30ean, Landaberriko ikasle ohiek idatzitako obraren antzezpena, 22:00etan.

Urriak 1ean, udal musika eskolako trikitilariak ibiliko dira herrian barrena, 12:00etan eta bazkaria Mitxelinen, 14:00etan.