Baserritarrez jantzi da Okendo

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 21a, 16:05
Santo Tomas igande goiz honetan jende ugari gerturatu da baserritarrez jantzita Okendora. Uztaro nekazaritza kooperatibako kideak, Lasarte-Usurbilgo batxilerreko ikasleak, Alboka Abesbatza, fardelekin osatutako fardel tarten eta gantxilozko arropa postuak izan dira Ttakun Kultur Elkarteak jarri dituen postuekin batera Okendon. Urtero bezala, taloak eta txistorrak izan dute arrakasta gehien. Txerrama eta kumeak eta kalez kale ibili diren Beterriko talogile taldeak borobildu dute goiza.

Aurtengoan Santo Tomas eguna igandean izanda, Ttakun elkarteak goizez antolatu du azoka Okendo plazan. Elkarteak jarri ohi dituen gaztaina eta talo postuekin batera, Uztaro Kooperatibako kideak, Lasarte-Usurbil Institutuko ikasleak eta  Alboka abesbatzakoak aritu dira hamaiketakorako jakiak saltzen. Fardelekin egindako tartak eta gantxilozko arropak eskura izan dira ere plazan.

Txiki zein helduen atentzioa deitu du, Telleri baserritik ekarritako txerramak bere kumeekin. Plazaren alde batean jarrita, ume zein helduen begiradak erakarri dituzte. Hamaika argazki egin zaizkien arren, animaliak lasai azaldu dira jai giro jendetsuaren erdian.

Goizak aurrera egin ahala giroa berotzen joan da. Beterriko talogile taldea ibili da herriko kalean barrena goizean goizetik. Euren postu ibiltariari tiraka, kontu kontari  aritu dira herritarrekin eta oholtzara igota abestera animatu dira. Hauen ostean, Ttirriki-Ttarrakakoen doinuekin haurrentzako erromeria egin da eta asko izan dira euren lehen dantza pausoak ematera animatu direnak.

Talogile harrobia badagoela argi utzi dute herriko ume askok beste urte batez. Ttakunek aukera eman die etxeko txikienei taloak egiteko eta ederki moldatu dira ia laguntzarik gabe. Lanak bere saria izan du eta bakoitzak egindako taloa, txokolatez beteta jan ahal izan dute bukaeran.

Xumela abesbatzak euskal abesti ezagunak kantatu ditu. Jarraian, plaza-dantza saioa izan da eta honetan Erketz, Kukuka eta plaza dantzako kideek parte hartu dute lasarteoriatarrak dantzara animatzeko. Erromeriarekin eman zaio bukaera jaiari.

Taloa
Beste urte batez talogileak jo eta su aritu dira lanean gelditu gabe. 40 kilo irin eta 32 kilo txistorra ez dira nahikoa izan herritarren sabelak betetzeko. Urtean behin jaten dute gehienek taloa eta aurten ere ez diote urteroko zitari hutsik egin.

Goizak eman duenarekin argazki bilduma osatu dugu.