Baratzean murgiltzeko pausoak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 5a, 11:00
Asteazkenean, urriaren 7an, Jakoba Errekondo usurbildarrak bere azken liburua aurkeztuko du Manuel Lekuona kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Urriaren 17an antolatu den Euskal Jaia eta TopaEgunaren aurrekarietako bat dugu. Arrakasta handia izan du liburuak, dagoeneko 3. argitalpena du eta asteazkenean horren zergatia ezagutu ahalko dute Manuel Lekuonara hurbildutakoek.

Azken urtean, baratzea modan dago eta horren erakusle Jakoba Errekondoren 'Bizi baratzea. Garain garaikoa garaiz' liburuak izan duen harrera. Apirilean argitaratu zuen usurbildarrak bere azken liburua eta 3. argitalpena egin behar izan du Argia aldizkariak.

“Jendeak baratzea jarri nahi du etxean, balkoian, terrazatan, herriek ere lursailak uzten dituzte baratzak egiteko. Krisiak lagundu du... Eta jendea ere arduratuta dago elikadurarekin, zer bizi modu kalitate daukagun, zer nolako lurra uzten ari garen, kutsadura... azkenean guzti horrek ekarri du baratzaren bolada hori. Eta guzti horrek ere lagundu du liburuaren zabalkundean”, aipatu digu Jakoba Errekondok.

Urteak dira Jakoba Errekondo paisajistak Euskal Herriko hainbat hedabidetan landareen munduaren berri ematen duela. Baratzezaintzari buruzko jakintza hori guztia bildu eta 'Bizi Baratzea. Garaian garaikoa garaiz' liburua idatzi du. Asteazkenean, Lasarte-Orian aurkeztuko du. Hitzordua Manuel Lekuonan arratsaldeko 19:00etan da.

"Urte asko egin ditut irratian eta Argian baratzari buruz hitz egiten eta Argiako lagunek liburua argitaratzeko proposamena egin zidaten," erantzun digu.

Hizkuntza eta egokitzapena
Egilearen hitzetan liburu berezia da batetik hizkuntzarengatik. “Arazo handia da ze zortzi hitz ditugu gauza bati deitzeko. Beste hizkuntza batzuetan normalizatuta dagoena hemen falta da. Horregatik liburuak atzean hiztegi bat dauka. Gainera, ohituak gaude literatura eta horrelako gauzetaz euskaraz idaztera, baina eguneroko gauzetaz idazteko premia handia dago.

Bestetik Euskal Herriari egokitutakoa liburua da. “Beste hizkuntzatakoak haien lurraldeetara egokituak daude eta guk askotan frantsesez edo gaztelerako gauzak irakurtzen ditugunean mediterraneoko baldintzetako gauzak dira eta ez hona egokitutakoak. Eta hori oso garrantzitsua da egutegiaren aldetik zein lan egin behar diren, hauen zekuentzia etab”. 

Irakurterraza dela ere onartu du “oso zatitua dago, maketazioa asko landu dugu, argazki pila dago. Bestetik gauza asko azaltzen dira, ez da bakarrik letxuga noiz erein edo bildu, baratza mundu zabal bat dela adierazteko, baita mundu askotarako ataria dela esateko. Horregatik daude, olerkiak, bertsoak, argazkiak...”.

Irakurlea

Liburua hiru irakurle tipoei zuzendua dagoela azpimarratu du.

Batetik baratzean hasi nahi duenarentzat, "oinarrizko gauzekin, zer dan lurra, ura, argia, egutegiak, etab".

Bestetik baratza duenarentzat, "trikimailuekin, sendabelarrak nola erabiri, hainbat izurriteen aurka nola egin, etab".

Hirugarrena "baratzik ez duen jendea baina badakina euskaraz baratzari buruz ez dakina ez dala kultua. Eta badakiena hemen ze garrantzitsua den lurrarekiko lotura. Horregatik daude esaera pila bat, olerki... liburua osatzeko".

Arrakasta
Arestian aipatu legez, arrakasta handia izan du liburuak. Jakobak onartu duenez, “espero nuen arrakasta pixka bat izatea, jendearen eskea handia zen. Baina izaten ari dena ez. Egia esan hainbesteko lana hartu eta gero esker-tzekoa da gustukoa izatea eta jendearen esker on hori izatea”.

Lasarte-Orian ere berotasun hori sentitzea espero du. Gainera, liburua aurkezteaz gain, herritarren zalantzak ere argituko dituela jakitera eman digu Jakobak.

Beraz, baratzea jarri edo  landu nahi duenak ez galdu aukera. Asteazkenean, Manuel Lekuona kultur etxera gerturatu.