Euskal blogen inguruko datuak biltzeko inkesta

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 10a, 12:41

Euskal Blogintzaren egoeraren azterketa bat egin du Azkue Fundazioak, eta azken urteotan, blogen esparruan analisi sakonik egin ez dela ohartuta blogintzaren inguruko inkesta publiko bat sortu du horretarako.

Horrela, euskarazko blogen kopurua, horiek nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen diren eta beste hainbat datu baliagarri bildu asmoz sortu dute inkesta. Edonork bete ahal izango du; gizarte osora zabalik dago eta edozein blogarik, zein blogen kontsumitzaileek, edota sarean ibiltzen den euskaldun orok bete ahal izango du.

Aldi berean, betetako inkesta horien emaitzak, publikoak izango dira. Azkue Fundazioak bere ohiko komunikazio baliabideen bitartez egingo ditu publiko.

Inkesta horiek, ahalik eta euskaldun gehienei helarazteko asmoa du Azkue Fundazioak, horrela, ahalik eta erantzun gehien jasotzeko. Horietan bildutako datuak, baliagarriak izango dira blogen arloan lan egiten duten eragile guztientzat; blogarientzat, irakurleentzat, interneteko garatzaileentzat, zein erakundeentzat. Jasotako erantzunen bitartez, ikuspegi erreal eta zabala lortuko da. Horregatik, zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza osatuagoa izango da; egoera errealaren isla izango dira lortutako erantzunak.

Honekin batera, etorkizunera begira, estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri asmoz, beharren inguruko datuak biltzeko tresna baliagarria izango da inkesta.

Bide honetan, euskarazko blogen kopurua, horiek lantzen dituzten gaiak, etekinak sortzen ote dituzten eta blogari euskaldunen kopuruari buruzko datuak bildu asmo dira inkesta horien bitartez, besteak beste. Horiekin batera, kontsumitzailearen ikuspegitik ere hainbat datu jaso nahi dira, hala nola, irakurleen beharrak asetzen ote dituzten, eta zein gai lantzea gustatuko litzaieken, beste hainbat punturen artean.

Blogetan! egitasmoa martxan

Bestalde, Azkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak egitasmoaren bigarren ediziioa jarri berri du martxan. Hleburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea da, eta Argia aldizkaria du laguntzaile.

*Babestutako informazioa.