Azken orduak aprobetxatzen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 1a, 20:58
Ordu gutxi falta dira sanpedroak amaitzeko. Halere, festen azken arratsaldeaz gozatu dute herritarrek. Musa, errekortariak eta musika emanaldiak egin dituzte

Ajea pasatzeko aukera ona da karta jokoetan burua pentsatzen jartzea. Horixe egin dute askok, Sorgin Jaiek antolaturiko mus txapelketan. Merceroko arkupetan bildu dira dozenaka lagun. Batzuk eguzkiko betaurrekoekin, beste batzuk bezperako parrandan ongi pasatu izanaren begi zuloak agerian. Hori bai, ia denek ur botila eskuetan, nahiz eta egon diren batzuk txosnetan alkohola eskatzera ausartu direnak. Ibon Garcia eta Ibai Zamora izan dira garaileak. Halere, izan dira irabazle gehiago. Izan ere, Ander Bardajiren eta Axier Arteagaren elastikoak zozketatu dituzte. 

Haatik, errekotariak ongi atseden hartuta etorri dira Lasarte-Oriara. Ez da gutxiagorako. Behi eta zezen bizi-biziak atera dituzte Sasoeta eskolako patioan eraikitako zelaitxora. Ongi menderatu dituzte animaliak, errekorte eta driblin arinez saihestu baitituzte adarkadak. Makina bat ikusle bertaratu dira Sasoetara, eta txaloekin saritu dute errekortarien abilezia. 

Festen azken egunean ere buruhandiek azkenengo lasterketak egin dituzte gaztetxoen atzetik. Orain arte festen azken egunean ez dira desfilera inoiz atera, baina aurten bai. Gogoz aprobetxatu dute arratsaldea azken kolpetxoak emateko. 

Musika emanaldiak

Kontzertuek ere izan dute lekua igandean. The Blackfeet Music taldeak Sasoeta auzoko Jaizkibel plazan eskaini du emanaldia, eta nekeak-neke, dantzara animatu dira lasarteoriatarrak. Bien bitartean, Okendo plazan Atazal eta Kaxueira musika taldeek sorgin arratsaldea girotu dute. Makulu Ken talde lasarteoriatarra izan da gauari hasiera emateaz arduratu dena. Horiek ere Jaizkibel plazan aritu dira.