Hasi da udal aurrekontuetan parte hartzeko prozesua

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 10a, 19:43
500.000 euroko proiektu bat proposatu dezakete herritarrek, eta bozkatuena egingo du udalak. Lehen fasea azaroaren 13tik 26ra bitartean izango da. Bost proiektu bozkatuenen artean erabaki beharko dute ondoren, abenduaren 11tik 26ra bitartean.

Herritarrek aurrekontuen zati bat zertan gastatzeko erabakitzeko aukera izango dute aurten ere. Iaz bezala, udalak martxan jarri du partaidetzazko aurrekontuen prozesua. Horrela, azaroaren 13tik 26ra bitartean, gutun bidez proposamenak egin ditzakete Lasarte-Orian erroldatutako adin nagusikoek. Etxebizitza bakoitzera gutun bat bidaliko du udalak, egitasmoaren berri emateko. Eskuorriaren atzealdean idatzi dezake proposamena interesatuek.

Pertsona bakoitzak bozka bat emateko eskubidea izango du. Horregatik, beharrezkoa izango da izen-abizenak eta NAN idaztea gutunean. Eskuorri gehiago behar izanez gero, udalaren webgunean eskuratu daiteke, edo fotokopia bat egin. Udaletxe zaharrean, kultur etxean eta osasun zentroan jasoko dira proposamenak, horretarako ahalbidetutako buzoietan.

Behin proposamenak jasota, egingarriak direnak -500.000 euroko aurrekontua gaindituko ez dutenak- zenbatuko dituzte, eta gehien errepikatzen diren bostak aukeratuko dituzte bigarren faserako. Abenduaren 11tik 26ra bitartean aukeratu ahalko da bost proiektu horien artean, 1etik 5era baloratuta bakoitza. Boto gehien jasotako egitasmoak aurrera eramango ditu udalak.

Jesus Zaballos alkateak eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako eta Parte Hartzeko arduradunak aurkeztu dute proiektua. Udaleko bi hautetsiek parte hartzera deitu dituzte herritarrak, udala ere haiena egin dezaten. Iaz 151 pertsonek parte hartu zuten proiektuan, eta 600.000 euro inbertitu zituzten Askatasun Parkeko umeentzako jolas-gunerako estalkian eta Uistin kaleko berrubanizatzean.