Astebeteko gose greba erraustegiaren kontra

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 11a, 13:43
Ekainaren 14tik 21era bitarteko baraualdia egingo du herritar talde batek "erraustegiaren gezur handiaren aurka". Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Donostian.

Gose grebaren bitartez, erraustegiaren aurka egingo du protesta herritar talde batek, astebetez: ekainaren 14tik 21era bitarteko baraualdia egingo dute, Donostiako Easo plazan. Datorren asteazkeneko 19:00etan ekingo diote gose grebari. Donostiako zein inguruko herritarrei parte hartzeko deia egin diete: "Arratsaldero hitzaldiak antolatu eta dokumentalak proiektatuko ditugu. Gaiak hauek izango dira: aire garbia arnasteko eta osasun eskubideak eta garapen eredu jasangarriak".

"Milaka eta milaka herritarrok proiektua gaitzesten dugula adierazi arren, ikusten dugu erraustegia inposatu nahi digutela eta ezkutatu egin nahi dituztela gure protestak. Horren aurrean, gose greban oinarritutako eredua aukeratu dugu, errauste planta horrek gu guztion bizitzak kaltetuko dituela salatzeko", azaldu zuten antolatzaileek atzoko prentsaurrekoan. Argi utzi zuten protesta egiten jarraituko dutela: "Negozio pribatu diru-xahutzaile eta osasunarentzat kaltegarria inposatu nahi digute; ez gara geldituko herritar guztiak kontziente izan arte".