Aste Santuko ospakizunak herrian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 16a, 15:23
Urtero legez, Lasarte-Oriako elizek Aste Santuko ospakizunak burutu dituzte egunotan. Fededun ugari gerturatu dira horietara, ostiraleko gurutze bideetara batez ere.

Herritar askok oporrak hartu eta bidaiatzeko baliatu dituzte egun hauek; beste batzuek, ordea, Aste Santuko elizkizunetan hartu dute parte, erramu igandetik hasi eta handik astebetera arte, pazko igandera arte. 

Ostiral goizeko gurutze bideak izan ziren ekintza jendetsuenak. San Pedro elizakoak izan ziren goiztiarrenak: 8:00etan hasi ziren Kalbario Bidea egiten, gurutzea eskuetan, Sausta baserri pareko aldare txikira iritsi arte. Hainbat geldialdi egin zituzten bidean, Jesusek emandako urratsak gogoratzeko. Handik pare bat ordura, Arantzazuko Ama parrokian elkartutako herritarrek Azkorteko ermitarainoko bidea egin zuten, iaz ez bezala; eguraldi txarra tarteko, elizan geratzea erabaki zuten. Juan Luis Murua parrokoak gidatu zituen biak.

Meza ugari

Gaur bukatu dira 2017ko Aste Santuko elizkizunak, pazko igandeko mezekin. San Pedro elizan, euskarazko zein gaztelaniazkoetara joan dira herritarrak, 10:00etan eta 13:00ean, hurrenez hurren. Arantzazuko Ama parrokian eta Brigitarren komentuan, berriz, elebitan egin dituzte, 11:00etan. Juan Luis Muruak eman ditu San Pedro eta Arantzazuko Amakoak; Brigitarren komentukoak, berriz, Felix Garitanok.

Ostegunean, ostiralean eta larunbatean ere egin ziren mezak herriko parrokietan.

Aste Santuko ospakizunetako argazki galeria