Aste Santuko elizkizunak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 30a, 12:23
Aste Santua ate joka dugu eta hori dela eta, Lasarte-Oriako elizbarrutiak egun hauetan izango diren elizkizun eta ekintzen berri eman digu.

Lasarte-Oriako fededunek garai garrantzitsua ospatuko dute hurrengo astean, Aste Santua. Jesusen azken egunak gogora ekarriko dituzte San Pedro elizan, Arantzazuko Ama eliza eta Brijitarren komentuan egingo diren elizkizun eta ekintza berezietan.

Ostegun Santuan, apirilaren 2an, meza izango da herriko hiru elizetan. Brijitarren komentuan 17:30ean ele bitan egingo da eta 19:00etan San Pedro elizan gazteleraz eta Arantzazuko elizan euskaraz. Komentuan ere, Ordu Santuko otoitza izango da 22:00etan.

Kalbario bideak izango dira Ostiral Santuan, apirilaren 3an. Goiztiarrenak San Pedro parrokiko lagunak izango dira. 9:00etan eliza eta Sausta baserri ondoko aldare txikira egingo dute bidea.

Arantzazuko Amako Parrokiako eliztarrek, berriz, Azkortera egingo dute bidea, goizeko 10:00etan hasita. Brijitarren komentuan, aldiz, 11:00etan egingo da Gurutze bidea kaperan bertan.

Arratsaldean berriz, Pasioaren ebanjelioa entzuteko aukera izango da. 16:30ean Brijitarren komentuan ele bietan eta 20:00etan, San Pedro elizan euskaraz eta Arantzazuko Amaren parrokian gaztelanian eskainiko da.

Larunbatean aldiz, Pazko Gaubela izango da. Hau  Brijitarren komentuan 19:00etan eta 21:00etan San Pedro elizan izango dira. Biak ele bitan izango dira.

Azkenik igandean, Berpizkundea ospatuko da ohiko elizkizunetan.