Sei urte eta erdiko kartzela zigorra oso-osorik beteta atera da Rafa Diez kartzelatik. LABeko idazkari nagusi historikoa Bateragune auzian atxilotu zuten 2009ko urrian, beste lau kiderekin batera –Arnaldo Otegi tartean-. 17 hilabete aske egon zen baldintzapean, ama zaintzeko, eta auzi horretako azken espetxeratua zen Diez. Halere, kondena ez da guztiz amaiatu: 2021. urtera arte inhabilitatu dute sindikalista.
Jende ugari zain izan du Diezek El Duesoko atarian, eta ongietorri beroa eman diote, ikurrinak eta beste bandera tartean. Bi poltsa eskuetan atera da kartzelatik, eta besarkada artean hartu dute bertaratutakoek. Halere, El Dueson ezin izan dute ekitaldirik egin, Kantabriako Gobernuaren ordezkariak debekatuta. Euskal Herrian sartu bezain pronto egingo diote lehen agurra, Muskitzen, 11:45ak aldera. Dagoeneko autoan sartu da Diez, Euskal Herrirantz abiatzeko. Lasarteoriatarrek 19:30ean izango dute aukera herrikidea agurtzeko.
2009ko urriaren 13an atxilotu zuten Diez, LABeko egoitzan, haren aurkako atxilotzeko agindurik ez zuten arren. Beste hamar lagun ere atxilotu zituzten. Diezez gainera, Otegik, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguezek osorik bete dituzten kondenak. Dena dela, segurtasun indarrek ezin izan zuten zapuztu ezker abertzalearen norabide aldaketa, Zutik EH txostena dagoeneko kaleratua zegoelako, eta gogoeta martxan. ETAk jardun armatua utzi zuen 2011ko urriaren 20an.
Bakegintza prozesu horretan bete-betean murgildu zen Diez, ezker abertzaleko beste ordezkari batzuekin batera. Sindikalistaren pisua handia baita mugimenduan. LABeko militante historikoa, Michelingo langile zela sartu zen sindikatuan. 1990eko hamarkadatik 2008ra arte izan da sindikatuko idazkari nagusi, eta haren zuzendaritzapean hedatu eta sendotu da sindikatu abertzalea. Garai horietan osatu zuen LABek, ELA sindikatuarekin batera, gehiengo sindikala bezala ezagutzen dena. Ezker abertzalearen parlamentari izandakoa ere bada, Gasteizen eta Madrilen.