Areto futboleko taldeek, zorterik ez

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 10a, 21:17
Areto futboleko taldeek ez dute asteburu ona izan, jubenilen taldeak izan ezik. Denboraldiko lehen partidan, Jubenil mailako Bar Lasarte taldeko gazteek garaipena lortu dute.

Hirugarren mailako Eguzki taldeak Internacionalen aurka jokatu zuen hirugarren jardunaldian. Lehenengo minutuetan bi taldeak indarrak neurtzen egon ziren. Baina Luisek Interreko defentsaren hutsegite batez baliatuz, 0 eta 1ekoa jarri zuen markagailuan.

Golak ez zien lasaitasunik eman. Baloi galdu batean Interrek berdinketa lortu zuen. Eguzkik asko sufritu zuen eta Lasarte-Oriako taldearen bi hutsegiteen ondorioz, Interrek markagailuari buelta eman zion: 3-1

Bigarren zatian gogotsu atera zen Eguzki, eta zazpi minutuz Inter taldea menderatzea lortu zuen, markagailuko aldea murriztuz. Baina beste hankasartze batek Lasarte-Oriako taldea kondenatu zuen. Gol horrekin etsi egin zuten futbolariek, eta jarraian bosgarrena eta seigarrena jaso zuten. Azken unean etsi-etsian ekin zioten, atezain-jokalariarekin, eta beste gol bat jaso zuten, zortzigarrena. Azken amorruzko ekinaldi batean 8-3koa jarri zuen Eguzkik.

Ostegunean hitzordu garrantzitsua taldeak, Gipuzkoako Kopan arituko baitira Euskaldunaren aurka.

Senionerreko beste taldeek ere ez zuten zorterik izan. Ventanas Isu Leihoak taldeak 3-7 galdu zuen The Nest Zerbezeria Hirukide ikastetxearen aurka. Ostegunean ere partida garrantzitsua du taldeak kopan, Ataun Troskaetaren aurka.

Hain zuzen, Cecilia Frutadenak Ataungo taldearen aurka galdu du jardunaldi honetan (4-3). Partida ona jokatu zuten, baina azken unean galdu egin zuten. Areto futbolean eskarmentu gutxiko jendeko taldea osatu arren, ongi aurre egin zioten Ataungo talde prestatuari. 

Jubenilen garaipena

Jubenilek ederki hasi zuten denboraldia, kanpoan garaipena erdietsiz: 4-6. Arantzazuko Ama ikastolaren aurka lehen zatia eskasa izan zen. Kokapen  akats asko egin zituzten Bar Lasarteko kideek, eta, atsedenaldian,  markagailuak 4-2koa erakusten zuen etxekoen alde.

Bigarren zatian, berriz, Bar Lasarteko gazteek buelta eman zioten partidari. Zelaian ongi kokatu ziren lasarteoriatarrak, eta jarrera trebea izan zuten.  Arantzazuko Ama ikastolak ezin izan zituen erasoak gelditu, eta  lautan baloiak sarean amaitu zuen.

Era honetara, Bar Lasartek denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu zituen, eta sailkapeneko buruan da, Anoeta, Zarautz, Summa Aldapeta, Goierri, Lauburu Ibarra eta Laskorainekin batera.

Kadeteak

Eguzki Balerdi Harategiko kadeteek partida gogorra jokatu zuten Ibarrako Laubururen aurka. Etxeko taldeak trebatuagoa dagoela erakutsi zuen. Lehen zatian galdu zituzten lasarteoriatarrek aukera guztiak 10-0ekoa jarrita erabakita utzi baitzuen partida Ibarrak. Bigarren zatian hobe jokatu zuten, baina 16-1eko aldearekin amaitu zen partida.