Apar artean uztaileko txokoei amaiera

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 30a, 15:12
Gaur bukatu da uztaileko txokoen txanda. Haur eta begiraleek agur esan diote elkarri modu ezin hobe batean: apar festa erraldoia ospatuz. Gustura aritu dira guztiak apar artean saltoka eta jolasean, abenturaz jositako hilabeteari amaiera emanez.

Amaitu da uztaileko txokoen txanda. Hilabetez hamaika jolas, kantu eta abenturatan murgilduta ibili dira herriko hainbat gaztetxo. Bukaera ezin hobea eman diote ibilaldiari, apar festa erraldoia eginez Okendo plazan. Eguraldia ez da bereziki ona izan gaurkoan baina haur eta begiraleek zeuzkaten ospakizun gogoek bigarren plano batean utzi dituzte euri tantak.

Aparra botatzeko makinaren matxura txiki bat zela medio beranduxeago hasi da festa, baina Okendora bertaratutakoek ez dute aspertzeko betarik izan; rapeatzeko eta dantzatzeko aukera eduki dute begiraleetako batzuekin.

Makina martxan hastearekin batera lehertu da festa. Umeak eurentzat prestatuta zegoen gunera sartu dira irribarretsu eta aparrarekin jolasteari ekin diote, begiraleekin batera. Primeran pasa dute guztiek, elkar agurtu eta bakoitza bere etxera joan aurretik. 

Galeria egin du Txintxarrik ekitaldiko hainbat irudirekin.