‘Amnistia’ eztabaidagai preso ohien eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 29a, 13:30
Xabier Alegria eta Jose Domingo Aizpurua preso ohiek hitzaldia eskainiko dute Manuel Lekuona kultur etxean. 'Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera' izenburua du Sortuk eta Iratzar fundazioak Lasarte-Oriara ekarritako hitzaldiak.

Jose Domingo Aizpurua eta Xabier Alegria preso ohiek hitzaldia eman zuten ostegun arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxeko batzar aretoan. Amnistiaren kontzeptua izan zuten ardatz eta haren bilakaera historikoa eta gaur egungo egoera eztabaidatu zituzten.

Aizpuruak azaldu zuenez, azken hilabetetan amnistiaren inguruan sortutako eztabaida dela eta, preso eta preso ohiek gaiari buruzko gogoeta egitea erabaki zuten. Ondorioak gizarteratzeko erabakia hartu dute, eta Lasarte-Oriako hitzaldia horren adibide da. Hala ere, nabarmendu zuen presoak ez direla, bere horretan, subjektu politiko eta “kolektiboa norbanakoek osatzen dutela”.

Hala, amnistia kontzeptuari buruz orain arte egindako gogoetak errepasatu zituzten, euskal gatazkan eta gizartean hartu duen esanahia aztertuz.

Ezker Abertzaleak historikoki “gatazka politikoaren konpoketa oso baten testuinguruan” ulertu duela adierazi dute.

Etorkizunari begira “progresiboki” sakondu beharreko kontzeptua dela diote.

Abian da bidea

'Abian da bidea' ekimena 1.600 preso eta iheslari ohiek sinatu dute, horien artean, zenbait lasarteoriatarrek. Espainiako eta Frantziako estatuek presoak "bahitu politikoen" gisara dituztela salatu dute, "salbuespen neurriak" ezarriz eta "haien eta familikoen sufrimendua" areagotuz. Hori dena, "etekin politikoa" ateratzeko helburuarekin.