Amaia Gonzalez dantzariak lau garaikur ekarri ditu Europako Txapelketatik

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 6a, 18:24
Europako Retro Dantza Txapelketan lehiatu du Lasarte-Oriako dantzariak; tangoan, pasodoblean eta saltsan irabazi du. Horrez gainera, Espainiako Dantza Konbinatuko txapelduna izan da. Jose Mari Orbegozo izan du dantzako bikotekidea

Ibilbide luzea du dantzan Amaia Gonzalez Caballerok, eta garaikur asko irabazitakoa da. Azken txapelketakoak, ordea, badu zapore berezi bat. "Min hartua nengoen, eta azken unean eman genuen izena. Ez dugu astirik izan entseatzeko". Europako Retro Dantzako txapelketan izan da asteburuan dantzari lasarteoriatarra, Fuengirolan (Malaga). Bost kategoriatan aurkeztu da, eta lautan irabazi du, eta bestean bigarren geratu da. Jose Mari Orbegozo izan du dantza bikotekidea. 
Hogei urte daramatzate lehian Gonzalezek eta Orbegozok; urte batzuetako lehortearen ondoren,  azken boladan berriro hasi dira irabazten. "Adinaren araberakoak dira kategoriak. Nire dantzako bikotekidea ni baino hamalau urte zaharragoa denez, urte askotan gaztetxoen aurka lehiatu behar izan dugu; oso desorekatua zegoen lehia", azaldu du Gonzalezek. 
Txapelketak orain ez daude askoz orekatuagoak, baina arrazoia beste bat da: Gonzalezek dena irabazten du. Iazko munduko txapelketan sei garaikur ekarri zituzten herrira.  Asteburu honetan, lau. 
40-50 urte arteko kategorian lehiatu dute, sei modalitatetan. Ondokoetan irabazi dute Europako txapelketa: tangoan, pasodoblean, salsan. Horrez gain, Dantza Konbinatuko Espainiako Txapelketa irabazi dute. Vals, tango eta pasodoble dantzatu behar dute modalitate horretan.  Dantza Konbinatuko Europako Txapelketan, berriz, azpitxapeldun geratu dira. 
"Oso ondo joan zaigu. Minutu eta erdi dantzatu behar izan dugu txapelketan; nahiko erraza da guretzat, eskarmentu handia dugu eta". Txapelketa berezia izan da, hasiera batean ikustera besterik joan behar zuen eta. "Eskerrak Maite Irazusta nire fisioterapeutari".

 
Retro Dantza
Retro Dantza modalitatean estilo tradizionalean dantzatzen dute. "Hiru edo lau bikotek batera dantzatzen dugu, baina musika ez dugu ezagutzen. Alegia, tangoan lehiatzen ari bagara tangoa izango da, noski, baina abestia zein den ez dakigu". Minutu eta erdi inguruz egin behar dute dantza, baina denbora ere ez da beti berbera. "Bikoteak moldatu egin behar du abestiaren luzerara eta erritmora. 
Gainera, ez dizute abestia hasieratik jartzen, sartu egin behar zara, eta askoz ere zailagoa da". Horixe da, hain zuzen, txapelketa berezi egiten duena. "Dantzari oso onak daude, baina ez daude abestian sartzera ohituak, eta denbora osoan erritmoz kanpo dantzatzen dute. Benetako dantza da hori; hor ikusten da dantzariaren trebezia".
Entseguak eta eskolak ditu ia egunero Gonzalezek, eta ezin dizkio asteburuak eskaini lehiaketei. Halere, txapelketako lorpenak garrantzitsuak dira  harentzat, ez bakarrik alor pertsonalean. "Curriculumerako garrantzitsua da. Nire ikasleak harro daude txapelketak irabazten ditudanean". 
Halere, Gonzalezek dio Lasarte-Orian ez dagoela dantza lehiaketetan parte hartzeko grinarik. "50 urtetik gorako kategoria badago txapelketetan. Nik baditut adin horretako ikasleak, eta primeran egingo lukete. Baina hemen ez dago dantzan lehiatzeko ohitura hori".
Badago, ordea, dantza egiteko zaletasun handia. "Hogei bat urte daramatzat Lasarte-Orian, eta beti izan ditut ikasleak. Boladan dago dantza". 
Dantzaren bertuteak ekarri ditu gogora Gonzalezek. Izan ere, ez da ariketa fisiko soila. "Koordinazioa, erritmoaren zentzua, eskolen diziplina... haurrentzako paregabea da.". Halaber, edozeinentzako balio du eguneko arazoak ahazteko. "Dantza egin bitartean ez duzu ezertan pentsatzen".