Alokairuko etxebizitza publikoak sustatu nahi ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 24a, 10:56
Lasarte-Orian alokairuko etxebizitza publikoa sustatzeko asmoz, Alokabideko eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko arduradunekin bilduko da Jesus Zaballos alkatea

Agustín Valdivia hirigintzako zinegotziarekin batera, bi bilera egin ditu Zaballosek Alokabideko eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko arduradunekin, hitzarmen bidez etxebizitza munizipalak eta zenbait partzela uzteko, eta alokairuko etxebizitza publikoak eraiki ahal izateko.

Martxoaren 9an Alokabideko zuzendari nagusi Patricia Valekin bildu zen. Alokabide Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publiko bat da, alokairuko parke publikoa kudeatzen duena. Lasarte-Oriako Udalak bere jabetzan dauzkan etxebizitzak ezin dituenez kudeatu, alkateak Alokabideri eskaini dio etxebizitza horiek alokatzeko kudeaketaren zesioa, hitzarmen bidez.

Eskaini diren etxebizitzak Zapategi, Bekokale eta Zelaialde kalekoak eta etorkizunean udalak Hipodromo etorbidean jasoko dituen 30 etxebizitzak eta Zabaletaberriko 15ak dira. Helburua, etxebizitza horiek ahalik eta azkarren lasarteoriatarren esku jartzea da.

Martxoaren 17an Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko zuzendari Pablo García Astrainekin egin zuen bilera. Horretan, Goiegiko Ibarra, Oriagain eta Zabaletaberri eremuetan hitzarmen bidez hiru partzela uztea izan da egin duen eskaintza, horrela, Lasarte-Orian etxebizitza publikoa eta dotaziozko apartamentuak sustatzeko.