Oria ibaia maila horira jaitsi da Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 30a, 17:13
Txarrena pasa dela ematen badu ere, azken orduetan euri asko bota du eta udalak zenbait neurri hartzeko gomendioa egin du. Tentuz jokatzeko eskatu dute.

Oria ibairen mailak behera egin duela eta, gaur goizean Euskalmetek Oria ibaia alerta horira jaitsi du Lasarte-Orian. Dena den, baliteke datozen orduetan euri gehiago pilatzea kantauri isurialdeko zenbait tokitan, gure herrian kasu. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta ugaria egingo du. Beraz, Udaltzaingoak zenbait neurri jarri ditu martxan Udalak jakitera eman duenez:

  1. Ibaia kontrolatuko dute eta egoeraren informazioa zabalduko dute.
  2. Ibaiaren egoeraren arabera Erriberan aparkatua dauden kotxeen jabeak informatuko ditu. Beraz, erne udaltzaingoaren esanetara.
  3. Kotxeak Isla plaza eta Dorre parkean aparkatzeko baimena dago alertak dirauen bitartean. Alegia, gaur eta bihar.

"Guzti horrengatik, ibilgailuak edo bestelako jabetzak arriskuan ikusten dituzten bizilagunak adi ibili ibaiaren igoerarekin eta abisurik itxoin gabe zentzuz jokatu" adierazi dute udaletik.

Era berean, bart ibai ondoan aparkatuta zeuden kotxeak "kentzeko" eskatu du Udalak. 

Argiarekin arazoak

Atzo eguerdi partean argia joan zen Udaletxe zaharraren inguruko etxebizitza eta lokaletan. Arratsaldean berriz, argirik gabe geratu ziren Uistin kalea, Blas de Lezo eta Juan XXIII. plaza inguruan. Udaltzainek jakitera eman dutenez, Iberdrolaren matxura bat izan zen eta harreman zuzena izan zuen egun osoan zehar pilatu zen euriarekin. 

Argazkiak: Oria ibaia hazita

Zuen argazkiak gurekin elkarbanatu nahi badituzue Twitterren @txintxarrieus erabilita egin dezakezue edota txintxarri@txintxarri.info helbide elektronikora bidalita