Aldaketa batzuk, eta liga eskuratzeko helburua

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 5a, 13:30
Aldaz Hortz Klinikak berdindu egin du Gipuzkoako ligako lehen partidan, Oiartzunen aurka, Lehen Mailan. Babesle berria du taldeak. Gaur izango du etxekoen aurrean lehen norgehiagoka. Garoa tabernak sailkapenaren goiko zatian egoteko xedea du

Aldaketa batzuekin hasi du denboraldia Eguzki Areto Futbolak. Babesleen aldaketa batetik; Aldaz Hortz Klinika itzuli da kirolera, eta Garoa tabernak ere bidea egin nahi du. Bestetik, ordezkaritza bat gutxiago izango du aurten maila gorenean. Izan ere, Espainiako ligako Hirugarren Mailako mutilen taldea desagertu da. Edonola ere, Gipuzkoako ligan ez du gaizki hasi liga Aldazek: berdinketa eskuratu du etxez kanpo, Oiartzunen aurka. Asteburu honetan du estreinaldia etxeko zaleen aurrean. 

"Ez da emaitza txarra. Denboraldiko lehen partida da, eta Oiartzun arerio zuzena da txapelketa eskuratzeko lehian". Gorka Redondok, Eguzkiko kideetako batek, baikortasunez hartu du emaitza. Izan ere, Aldaz Hortz Klinika taldearen helburua txapelketa eskuratzea da. Hiruna berdindu zuten. 

Gaur, ostiralez, jokatuko du etxekoen aurrean lehen partida, Maialen Chourraut kiroldegian. Teep Samaniego Orixe Tolosaldea izango du aurkari. Hiru puntuen bila aterako dira Mikel Escribano eta Javi Vecillaren mutilak.

Ez dira hauek asteburu honetan jokatuko diren partida bakarrak izango. Bigarren mailako ISU Leihoak mutilen taldeak Donostian emango dio hasiera denboraldiari, Gorka Margoak Makax taldearen aurka. "Taldean jende berri asko dago, jubenil taldetik igotakoak gehienak, eta maila berrian nola moldatzen diren ikusi beharko da", esan du Redondok. Aurten Cecilia Frutadendak ez du talderik babestuko. 

Jubenil mailako taldeak, berriz, Bar Lasartek, lehia hasia du. Etxean jokatu zuen Antigua Luberriren aurka, 1-5 galduta. Igandean, Goierri izango du aurrez aurre etxean, baina kanpoko bezala jokatuko du. 
Elastikoetan beste aldaketa batzuk ere izan ditu Eguzkik. Izan ere, Trumoik ez du senior emakumeen taldearekin jarraituko, eta Garoa tabernak hartu dio lekukoa. Hain zuzen, Trintxerperen aurka lagunartekoa jokatuko dute asteburu honetan. Balerdi Harategia kadeteak, aldiz, Zarautzen aurka arituko dira, partida ez ofizialean horiek ere. 

Garoa taberna taldearen denboraldia itxaropentsua da. "20 bat jokalari daude, eta indartsu hasi dira lanean. Lehen lagunartekoan 0-9 irabazi zuten. Ikusi beharko da garapena. Lehen postuetan lehian egongo dira, baina lan zaila izango dute, Ordiziako taldea bigarren nazional mailatik jaitsi da eta".