500 lagun giza-katea osatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 28a, 12:40
Erraustegiaren aurkako mugimenduak ekimen handia antolatu du maiatzaren 29an. Onkologikotik Gipuzkoako Foru Aldundira doan bost kilometrotako tartea errausketaren aurkako eta osasunaren aldeko aldarriaz bete nahi dute giza-kate baten bidez. Lasarte-Oriako Aire Garbiak ibilbide horretako zati bat osatu behar du.

Maiatzaren 29an, osasunaren aldeko eta erraustegiaren kontrako giza-katea egingo da Onkologiko eta Gipuzkoako Foru Aldundi bitartean. 

Ekintza erraustegiaren aurkako mugimenduak bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako errauste planta eraikitzeko proiektuarekin aurrera egiteko asmoa agertu baitu.
Giza-kate horretan mugimendua osatzen duten talde ezberdinetako kideak izango dira, baina kateak osatu behar dituen bost kilometroak osatzeko herritarren parte hartzea ere beharrezkoa izango dela argi dute.

500 lagun 

Horregatik, Lasarte-Oriako Aire Garbia taldeak lasarteoriarrek ere bere zatia izango dutela jakinarazi dute, “ez garrantzi gutxikoa, gainera”. Izan ere, Easo Plaza eta Londres hotel bitarteko zatia osatu beharko baita. 

Aire Garbiako kideen kontuen arabera, 500 lagun beharko dira eremu hori osatzeko, eta horregatik dagoeneko jende bila hasi dira.

“Antolaketa-aldetik, giza-katea ez da manifestazio bat bezalakoa; giza-kateak izena aldez aurretik emateko konpromisoa eskatzen du, agindutako orduan agindutako lekuan egoteko konpromisoa. Eta konpromiso hori bete behar da, jakina, katea osatuko bada, behintzat. Erronka handia da, ezbairik gabe, ez horrenbeste 500 lagun bildu behar direlako, hori ere hutsaren hurrengo ez bada ere, baizik eta aldez aurretik izena emandako 500 lagun bildu behar direlako”, ohartarazi dute.

Txartela

Hori dela eta, gauzak errazte aldera, Aire Garbiakoak txartelak hasi dira banatzen.
Txartel horretan pertsona jakin batek, izen-abizenez, maiatzaren 29an, 11:30ean, Easo Plazan egoteko konpromisoa hartzen du. 

Txartelak bi zati ditu, bata pertsonak berak gordetzen du, “hitzordu zehatza ez ahazteko”, eta bestea antolatzaileek, alde batetik, kontuak eramateko eta, bestetik, azken orduko aldaketarik balego komunikatu ahal izateko.

Lasarte-Oriako Aire Garbiak taldeko kideek jendea gehienbat ahoz aho “konprometituko” dutela jakitera eman dute.

Horretarako, kalean informazio-mahaiak jartzeko asmoa badute, lehenengoa apirilaren 30ean, Okendo plazan. 

Haiekin posta elektronikoz ere kontaktatu daiteke: lasarteorianairegarbia@gmail.com

Aurkezpena

Apirilaren 9an, Gipuzkoako Foru Aldundi aurrean egindako agerraldian azaldu zituzten Erraustegiaren aurkako mugimenduko kideek ekimenaren nondik norakoak.

Aurkezpenean mobilizazio berezia izango dela azpimarratu zuten.

Katearen hasiera eta amaiera puntuaren zergatiak ere eskaini zituzten: “Zergatik hasi Onkologikoan? Ez dugulako han bukatu nahi. Zergatik bukatu Foru Aldundian? Bertan has daitekeelako behar baino pertsona gehiago Onkologikoan bukatzera eraman ditzakeen bidea”.
Onkologikotik Foru Aldundira gutxi gorabehera 5 kilometroko ibilbidea dago.Katea osatzeko, guztira, 5.000 pertsona beharko dira. “Pertsona bat metroko kalkulatzen badugu, 5.000. Erronka handia da”. 

“Gaia serioa da eta ekimena ere serioa izango da, besterik ez genuen behar. Baina ez dugu horregatik kolore ilunekin margotuko, osasunaren aldeko ekimena izango delako, eta osasuna, azken batean, alaitasuna ere badelako. Horregatik lanean ari gara maiatzaren 29an musika, emozioak eta sorpresak ere falta ez daitezen”, adierazi zuten.

Hori guztiagatik. herritarrei maiatzaren 29ko giza katean parte hartzeko deia egin zieten. Lasarte-Oriako Aire Garbiak taldeak ere bat egiten du deialdiarekin.