20. Korrikarako motorrak berotzen hasi da Lasarte-Oria
Gero eta egun gutxiago falta dira 20. Korrika gurera iristeko. Apirilaren 4a izango da egun handia, edo hobe esanda, gaua, 22:45 aldera iritsiko baita lekukoa. Hori baino lehen, ordea, beste hainbat ekintzaz gozatuko dute herritarrek. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten egitaraua, Muntteri-AEK euskaltegiak antolatutako ekitaldian.

Bi urteren ostean, hemendik egun gutxira igaroko da berriro ere Korrika Lasarte-Oriatik. 20. edizioa izango da aurtengoa, zenbaki biribila, eta atzo arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean argi geratu zenez, irrikaz daude lasarteoriatarrak zapatilak jantzi eta ttipi-ttapa korrika aritzeko. Egun handia apirilaren 4a izango da, asteartea: 22:45 aldera iritsiko da lekukoa gurera.

Atzo egin zuten aurtengo egitarauaren aurkezpen ekitaldia kultur etxean bertan, Muntteri-AEK euskaltegiak antolatuta. Aretora sartu aurretik, hainbat izan ziren Dinbi Banda batukada taldearen doinuen laguntzaz kultur etxera gerturatu ziren herritarrak. Erketz dantza taldeko hiru kidek agurra dantzatu zuten aurrena, txalapartaren eta txistuaren doinuek lagunduta. Ondoren, Maider Segurola kazetaria azaldu zen oholtzara, eta mikrofonoa eskuetan, aurkezle lanak egin zituen.

Arestian esan bezala, aurtengoa 20. edizioa izango da, baina horri heldu aurretik, 19.a gogoratu zuten kultur etxera bertaratutakoek: Isa Fernandez de Agirre eta Edu Galardik grabatu eta ekoitzitako bideo pare bat ikusi zituzten, Korrika txikiarena eta Korrikarena, hain justu. Tartean, Xumela abesbatzako kideek Imanol Urbietaren 'Euskera oi euskera' abestu zuten.

Horren ostean, Muntteri-AEKko ikasleek aurtengo Korrikako kamisetak aurkeztu zituen, desfilatuz. Kukuka eskolako dantzari talde baten txanda izan zen ondoren; koreografia ikusgarria taularatu zuten. Ondoren, 'Gure atsuen' eskutik, ederki egin zuten barre ikusleek: Ipar Martxa egiteko makilak eskuetan igo ziren oholtzara, eta aldarrikatu zuten askoz hobe dela gisa horretara parte hartzea Korrikan, lasterka baino. 

Aurrekariak

Maider Segurola aurkezlea berriro oholtzara irten eta apirilaren 4a baino lehenago herrian egingo diren ekintzen berri eman zuen.

Bihar arratsaldean, 19:00etan hasita, Furia Beltza tabernan, 'Bertso Korrika' emanaldia ikusi ahalko dute herritarrek. Martxoaren 31n, ostiralez, Korrika txikia egingo da, 11:15ean hasita. Egun horretan bertan, arratsaldeko zazpietan, kultur etxean, Euskararen 9. Maratoiko bideo-emanaldia proiektatuko dute. Eta, gaueko hamarretan, 'Gutik Zura' dokumentala.

Apirilaren 1ean, larunbatarekin, 'Korrika festa' iritsiko da Lasarte-Oriara: kantu-jira, bazkari herrikoia, haurrentzako jolasak eta erromeriak osatuko dute egitaraua, besteak beste. 20:00etatik aurrera, berriz, Bea Egizabal eta Ane Labaka herritarren 'Erradikalak gara' emanaldiaz gozatu ahalko da kultur etxean.

Apirilaren 4an, 22:45 aldera esan bezala, 20. Korrika ailegatuko da gurera. Eta, bukatzeko, 8an, larunbatez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emanaldia eskainiko dute kultur etxean.

Ibilbideak eta petoen banaketa

Aurkezpen ekitaldia bukatzeko, Maider Segurolak Korrika txikiaren eta Korrikaren ibilbideen berri eman zuen. Eta Korrikan ariko diren herriko eragileek petoan jaso zituzten, Olatz Urdanpilleta eta Uxue Loinazen eskutik.

Korrika Txikian Sasoeta-Zumaburu, Landaberri eta Lasarte-Usurbil ikastetxeek hartuko dute parte. Kale Nagusian hasiko dira lasterka egiten; Sasoetan barrena ariko dira gero; Atsobakar, Goiegi jatetxe ingurua eta Lasarte-Usurbil institutua igaro ondoren; Garaikoetxeara jaitsiko dira, Tajamar biribilgunea pasa eta erdigunean metro batzuk gehiago egingo dituzte.

20. Korrikako petoak hartu dituzten eragileak hauek dira:

  1. Ttakun Kultur Elkartea (Errekaldeko biribilgunean hasiko dira).
  2. EAGI Eraikin Adimendunen Garaipen Iraunkorra enpresa (herri sarrerako zubi azpian hartuko dute lekukoa).
  3. Aterpea merkatarien elkartea (herri sarrerako kartel azpian).
  4. Erketz/Ostadar (Lanbide bulego parean).
  5. Muntteri-AEK euskaltegia (Pintore Kalea).
  6. LAB sindikatua (Berasategi kafeak).
  7. Elkarte gastronomikoak (Goiegi jatetxera bidean).
  8. EH Bildu Lasarte-Oria (Pinutegi kale hasieran).
  9. Zabaleta Auzolan (Pinutegi kale amaieran).
  10. Herriko ikastetxeak (Buenos Aires aldapa erdian).
  11. Sorgin Jaiak/Xumela (Buruntza kale hasieran).
  12. Lasarte-Oriako Udala (udaletxe zahar parean).
  13. Kukuka/Dinbi Banda (Zumaburuko eliza parean).
  14. TSST garraio-enpresa (Txartel hoteleko biribilgunean).
  15. Argia/Antza (Oria Txiki).
  16. Otaegi familia/Gure Esku Dago (Oztaran auzoan).
  17. Pirritx Porrotx eta Marimotots (Biyak Bat zaharren egoitzan).
  18. Landaberri Guraso Elkartea (Tajamar biribilgunetik Zubieta aldera).
BIDEOAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Intza elkartearen Batzar Orokorra
    Intza elkarteak jakinarazten du, otsailaren 4an, igandean ohiko eta ez-ohiko batzar orokorrak antolatu dituela. Lehen deialdia 09:00etan da eta bigarrena berriz, 09:30ean. Elkarteak bazkide guztiei deia egiten die batzarrera hurbiltzeko.
  • Eskalada doan, Pio Barojan
    Lasarte-Oriako Udal Kirol Zerbitzuak eskaladan hasteko saio berezia antolatu du 2006, 2007, 2008 eta 2009an jaiotako neska-mutilentzat. Jardunaldia urtarrilaren 27an egingo da, arratsaldeko 16:00etan, Donostiako Pio Baroja kiroldegian. Interesa duten pertsonek Maialen Chourraut kiroldegian eman beharko dute beraien izena. Plaza kopurua mugatua denez, izen-emate zerrenda errespetatuko da. Jarduera doan izango da udal kirol instalazioen bazkideentzat.
  • Mus txapelketa
    Euskal Herriko X. Mus Txapelketako Lasarte-Oriako fasea jokatuko da urtarrilaren 26an, Xirimiri elkartean. Egun horretan bertan, elkartera izen ematera gerturatzen direnek momentuan jokatuko dute kanporaketa, eta bertan irabazle suertatzen direnek Gipuzkoako txapelketarako pasea lortuko dute. 20 euroko kostua (bikoteko) izango du izen emateak.
  • Biyak Bat elkartearen batzar orokorra
    Biyak Bat elkarteak jakinarazten du, urtarrilaren 27an, larunbata 2017 urteari dagokion batzar orokorra egingo duela. Lehen deialdia 17:30ean da eta bigarrena berriz, 18:00etan. Elkarteak bazkide guztiei deia egiten die batzarrera hurbiltzeko elkartearen egoeren berri izan dezaten.
  • Odol ateratzea
    Hilabeteko azken astelehenean, urtarrilaren 29an, eman ahal izango da odola Osasun Zentroan, 17:30etik 20:30era. Anima zaitezte, odola ordezkaezina da eta odol falta dago!
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
IRATI
Zorionak maitia zure urtebetetzean!! Ondo pasa eta 9 muxu goxo!!
AZKEN PDFa
1407 ( Urtarrilak 19 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Gandarias-Uribe ( Asteazkena)
IƱigo de Loyola 9
Tel: 943 019521
ASTEA
    • Orue ( Osteguna )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • De Miguel ( Ostirala )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Orue ( Larunbata )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Orue ( Igandea )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gil ( Asteartea )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48