Puntuz puntu herriko balkoiak loratzeko deia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 31a, 13:43
'Euskaraldiaren loraldia Lasarte-Orian' egingo dute azaroaren 10ean, etxez etxe ekimena azaltzeko eta bakoian koloretako puntua jartzeko gonbita egiteko. Alderdiek babesa eman, eta 'ahobizi' eta 'belarriprest'-ak sustatzeko konpromisoa hartu dute

Hilabete baino gutxiago falta da Euskaraldia hasteko, eta dagoeneko sartu dira antolatzaileak azken txanpan. Udal ordezkariek beste bultzada bat eman diote ekimenari; udalbatzarrean ordezkaritza duten alderdi ia guztiek talde argazkia atera dute. Horrez gainera, Euskaraldiaren loraldia Lasarte-Orian "ekintza berritzailea" aurkeztu dute: azaroaren 10ean etxez etxe bisitak egingo dituzte, Euskaraldia zer den azaltzeko eta izen emateak lortzeko. 

Jesus Zaballos alkateak (PSE-EE) eta Jon Antxordoki Euskara Batzordeko buruak (EAJ) zuzendu zuten ekitaldia astearte arratsaldean. Ondoan izan dira Leire Elizegi (EH Bildu) eta Arkaitz Naya (Podemos). PPko ordezkaririk ez da agertu, nahiz eta udalbatzarrean babesa eman Euskaraldiari.

Etxez etxe
Hain zuzen, urriaren 9ko batzar hura gogora ekarri du Zaballosek; orduan aho batez onartu zuten Euskaraldia babestea. Gainera, alkateak hitzeman du udal barruan zein kanpoan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien lortzeko lan egingo dutela. 

Izen emateak lortu bakarrik ez, herria puntuz koloreztatu nahi dute Lasarte-Oriako Euskaraldiako antolatzaileek. Horretarako, herritar guztietara  iritsi nahi dute. Euskaraldiaren loraldia Lasarte-Orian ekimenean egingo dute hori; azaroaren 10ean, 10:00etatik 13:30era, etxez etxe joango dira bisitak egiten. Dagokion bandoa jarriko du udalak portal bakoitzean.

Larunbat horretan boluntarioak etxe guztietara helduko dira, eta Euskaraldia zer den azaltzeaz gainera, euskaraz ulertzen dutenei belarriprest izatera animatuko diete. Baina guztiei, euskara ulertu edo ez, koloretako puntu bat emango diete, balkoian jar dezaten. "Lasarte-Oriari kolorea emango dio", esan du Zaballosek. 200 boluntario beharko dituzte horretarako. 

Dagoeneko 1.300 pertsonak izen eman dute Lasarte-Orian, gehienak ahobizi moduan. Baina erabiltzaile gehiagorekin hizkuntza ohiturak are eta astinaldi handiagoa izan du.

Berezia izango da Euskaraldia herrian, arrazoi askorengatik. Horietako batzuk oroitarazi ditu Antxordokik: "Orain bi urte Euskararen 9. Maratoian azaldu ziren ahobizi eta belarriprest figurak. Gure herriko plazan jaio zena Euskal Herri osora hedatu da". Orain bi urteko elkarlana goraipatu du Euskara Zerbitzuko buruak. "Maratoiaren arrakasta, neurri handi batean, denon artean egin izana izan da, orain ere horregatik egin nahi da denon artean. Alderdi politiko guztien artean, baina baita ere herriko elkarte guztion artean".