Maiatzaren 26a, literatur lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 6a, 13:15
Udalak jakitera eman ditu Lasarte-Oriako XXXI. Literatur Lehiaketako zein XXX. Haur eta Gazteen lehiaketetako parte-hartze oinarriak. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 26an bukatuko da. Sariak, berriz, azaroaren 25ean banatuko dira, larunbatarekin.

Urtero legez, Lasarte-Oriako Udalak literatur lehiaketetan parte hartzeko oinarri eta baldintzen berri eman du. Euskaraz zein gazteleraz idatzitako poesiak, ipuinak eta mikroipuinak sarituko ditu epaimahaiak. Idazlanek originalak izan beharko dute. Parte-hartzaileek maiatzaren 26rako aurkeztu beharko dituzte, beranduenez. Sari-banaketa azaroaren 25ean egingo da, larunbatarekin, Manuel Lekuona kultur etxean.

Interesa dutenek web orrialde honetan eskuratu ahalko dute informazio guztia.

Haur eta gazteak

Adinaren arabera hiru kategoria bereizi dituzte antolatzaileek: 2008. urtean edo beranduago jaio direnek 'A' delakoa osatuko dute; 2005 eta 2007 artean jaio ziren neska-mutilak Bn egongo dira, eta 2002tik 2004ra bitartean jaiotakoak Cn. A eta B kategorietako gaztetxoek ipuin sailean aurkeztuko dituzte lanak; Ckoek aukera bat baino gehiago edukiko dute: ipuinak edo poemak. Esan bezala, euskaraz edo gazteleraz idatzi ditzakete.

Ipuinek hiru orrikoak izan beharko dute gutxienez. Poemek, berriz, 60 bertso-lerrokoak. Ipuinen kategorian hiru sari emango ditu epaimahaiak: 1goak 150 euro irabaziko ditu, 2.ak 112 eta 3.ak 76.

Helduak

Lanak euskaraz zein gazteleraz aurkeztu ahalko dituzte parte hartzaileek; gaia librea izango da haientzat ere. Dena den, baldintza pare bat gehiago ere bete beharko dituzte: argitaratu gabeak eta originalak izan beharko dute idazlanek, eta beste lehiaketaren batera aurkeztu gabeak.

Poesia eta mikrokontakizunak dira helduen lehiaketako bi modalitateak. Poesien metrika eta luzera librea izango da; mikrokontakizunak, gehien jota, 1.500 karakterekoak.

Sariak espezialitateka banatu dituzte antolatzaileek. Poesiak idazten dituztenek honako sariak irabazi ahalko dituzte: euskaraz idatziak izan badira, 650 euro eta diploma; kopuru bera patrikaratuko du gaztelerazko 1go saria irabazten duenak. Mikrokontakizunen espezialitatekoek, euskaraz zein gaztelaniaz, 325 euro eta diploma irabaziko dituzte.

Haurrenean ez bezala, helduen kategorian 'Lasarte-Oria' sariak ere badaude: herrian erroldatutako idazleek irabazi ahalko dituzte horiek. Bi espezialitateko bakoitzean emango dute sari hori antolatzaileek, euskaraz zein gaztelaniaz. Diru kopurua arestian aipatutakoen berbera izango da: 650 poesien kasuan, eta 325 mikrokontakizunenean.