Lankidetza-hitzarmenarekin pozik eskualdeko EHBildu.

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 17a, 12:04
Urtarrilaren 27an sinatu zuten Lasarte-Oria, Usurbil, Hernani, Andoain, Urnieta eta Astigarragako udalek hitzarmena, eta horren balorazioa egin dute eskualdetako udaletako EH Bilduko ordezkariek

Lasarte-Orriako, Usurbilgo, Hernaniko, Andoaingo, Urnietako eta Astigarragako udalek, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten iragan urtarrilaren 27an. Horrela, sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorretan eskualdean abian dauden programak eta zerbitzuak modu bateratuan eskaintzeko asmoz sinatu dute hitzarmena; "Beterri-Buruntza eskualdea osatzen dugun sei udalek lankidetza-hitzarmena sinatu berri dugu, eta horren helburu nagusia da eskualdearen garapen ekonomikoa zein soziala sustatzea".

Beterri-Buruntza eskualdeko EH Bilduko ordezkariek lankidetza-hitzarmenak eskualdeko ekintzaileei, enpresei zein herritarrei  "onura handiak" ekarriko dizkiela uste dute. EH Bilduk urteak daramatza eskualdea osatzen duten udalen arteko elkarlana sustatu nahian, eta "tresna oso garrantzitsua" dela sinetsita daude. "Joan den legegintzaldian hasi ginen udalen arteko lankidetza hori egituratzeko aukerak aztertzen eta lantzen. Adierazi moduan, "lehentasunezko gaia" izan da, eta indar handia jarri dute eskualdea osatzen duten udalen arteko elkarlana bultzatzen eta marko juridiko bar sortzen. "Gure eskualdean garapenak ekonomia eraldatzailearen printzipioetan oinarrituta egin behar duela oso garbi daukagu", gaineratu zuten. 

Ekonomia sozial solidario eta eraldatzailea

Lankidetza-hitzarmen horren bitartez, ez dute edonolako garapena sustatu nahi, ekonomia sozial solidario eta eraldatzailearen printzipioen araberako garapena sustatu nahi dute eskualdean. Horretarako Tokiko garapen ekonomikoa eta soziala kooperatibismoan, jasangarritasunean eta parte-hartzean oinarritua egon behar duela uste dute; "gure eskualdea bidezkoagoa, iraunkorragoa eta parekideagoa lortzeko tresna izan dadin".

Erronka

Beterri-Buruntzaldea eskualdean lan bila dauden pertsonei, formakuntza nahi dutenei, ekintzaileei, enpresei eta oro har herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena ematea da hitzarmenarekin bat hartu duten erronka. "Udal bakoitzak ditugun baliabideak elkartu, antolatu eta toki garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan eskaintza bateratua eta koordinatua eskaintzea da gure helburua".

Horrela, hitzarmen hau, lehen urrats bat besterik ez da izan. Etorkizunean garapen agentzia edo eskualdeko izaera duen entitate bat eratzeko lanean jarrituko dutela gaineratu dute eskualdeko EH Bilduko Udal ordezkariek.