Aste honetan zehar jarraituko du Inauterien festak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 20a, 11:00
Euskal Inauteriak igaro dira, baina herrian ez da amaitu festa. Aste honetan zehar egingo diren aurrekariekin berotu, eta asteburuan berriro lehertuko da festa, 2017ko Inauterien eskutik. Udalak, hainbat eragilerekin elkarlanean, egitarau erakargarria prestatu du. Hastear da ikuskizuna.

Euskal Inauteriek ekarri dute festa herrira pasa den asteburuan, baina oraindik ez da bukatu, aste honetan zehar ere hainbat ekintza daudelako aurreikusita 2017ko Inauteriak ospatzeko. Udalak egitarau zabala prestatu du, hainbat eragilerekin elkarlanean.

Asteburuan lehertuko da festa berriro, baina hori baino lehen egingo dira zenbait ekintza, aurrekari gisara. Esaterako, asteazkenean kontzertu bufoa eskainiko dute Udal Musika Eskolako ikasleek kultur etxean. Emanaldia 19:00etan hasiko da. Ostiralean, berriz, herriko ikastetxeetako haurrek Inauteriak ospatuko dituzte, urtero legez. 

Etenik ez asteburuan

Larunbatarekin lehertuko da festa gure herrian. Konpartsak eguerdiko hamabietan elkartuko dira Okendo plazan. Ordu erdi beranduago aurkeztuko dira parte-hartzaile guztiak. 14:00etan, berriz, konpartsen arteko lehiaketa hasiko da. Eta, goizean zehar erabilitako indarrak berreskuratzeko, 14:30etako herri bazkarian elkartuko dira herritar ugari.

Arratsaldeko egitaraua ere ekintzaz beteta dago: 16:00etan Super Bingoan hartuko dute parte gaztetxoenek. Ordubete beranduago hasiko da karrozen desfilea Okendo plazatik: Zabaleta, Emakumeen Zentro Zibikoa, Naste Borraste, Larramendizales, Jalgune, Ttakun, Intzak Parrandan, Elkar, Sasoeta Sasoian eta Erketzek hartuko dute parte horretan. Okendotik hasiko dira desfilatzen, esan bezala, eta honako ibilbidea egingo dute gero: Kale Nagusia, Ola Kalea, Zumaburu, Kale Nagusia berriro, Hipodromo Etorbidea, Pablo Mutiozabal eta Iñigo de Loiola, Okendora itzuli eta ekitaldia bukatu aurretik. Arratsaldean zehar herrian zehar ibili eta gero, 20:00etan txokolate goxoa dastatuko dute parte-hartzaileek.

Parranderoenek gauean zehar luzatu ahalko dute festa, 23:00etan hasiko den Disko Jaian. Okendo plazan egingo da. 

Igandean ere edukiko dute zer egin herritarrek. 12:00etan hasiko da poteoa, Oaintxe in deu! txarangak girotuta. Arratsaldean, berriz, ekitaldi pare bat: 16:30ean mozorroen lehiaketa herrikoia eta banakakoa hasiko dira, eta festa-asteburua ixteko, 'Rockalean' emanaldiaz gozatuko dute herritarrek Okendon.

25.470 euroko aurrekontua

Udalak jakinarazi du 25.470 euro bideratu direla aurtengo Inauteriak antolatzeko. Horietatik 12.000 konpartsentzat izango dira: kopuru hori jaso dute mozorroak eta karrozak prestatzeko. Beste 9.872 euro jarduerak eta azpiegiturak prestatzeko erabili ditu Udalak. Azkenik, Euskal Inauterien antolatzaileek 3.598 euro jaso dituzte.