"Errefuxiatuek eskubide bat dutela ahaztu egin dugu"
1993. urtean sortu zen formalki SOS Arrazakeria erakunde gisa. Lehenengoz, Frantzian eratu zen, baina Europa mailan ere badira lanketa berdina egiten duten erakundeak. Orduaz geroztik, Giza Eskubideak urratzen dituzten edozein jarrera arrazistaren aurka ari dira lanean; pertsonen eskubideen alde borrokan. Jarrera arrazistak ekidin eta elkarbizitza baten aldeko lanketa horretan dihardu SOS Arrazakeria erakundeko kide Mikel Mazkiaran lasarteoriatarrak.
Zer hartu behar da kontuan etorkin batez hitz egiterakoan?
Pertsona bat daukagula gure aurrean, auzokide bat, Lasarte-Oriako biztanle bat. Etorkin ezaugarri hori, pertsonari mentalki gehitzen diogun ezaugarri bat da. Gure aurrean Espainiar nazionalitatea duen pertsona bat eduki dezakegu ‘etorkin’ moduan, gure ustez etorkina dena, baina juridikoki ez dena etorkin bat. Alderantziz ere gertatzen da, hau da. Hori da gure barruan daukagun imajina bat, guk mentalki egiten dugun konstrukzio bat. Ez badugu pentsatzen gure aurrean etorkin bat dagoela, ez da etorkinik existitzen. Beste gauza bat da legearen aurrean etorkin bat den edo ez, baina azken finean gure aurrean pertsona bat, herritar bat, auzotar bat daukagula pentsatu behar dugu. Gu bezalako, biztanle bat; gure kezkak dituen herritarra, gure pentsaerara duen auzokidea, ez hobea, ez okerragoa. Hala eta guztiz ere guzti hau korapilatsua da, izan ere, aurreiritziek eta estereotipoek paper bat jokatzen baitute gugan.
Gaur egun trataera berdintsua egiten bazaie ere, immigrante izatea edo errefuxiatu izatea ez dira gauza bera.
Badago ezberdintasun bat immigrante eta errefuxiatuen artean. Immigrante bat bizi-proiektu bat hartu duen pertsona da. Proiektu hori herrialde batetik beste batera aldatzen da, hainbat arrazoi medio; arazo ekonomikoengatik, familia arazoengatik, etab.
Errefuxiatu bat ordea, bere herrialdetik ihesi datorren pertsona bat da; jatorrizko herrialdean gerran daudelako egiten du ihes errefuxiatuak. Hauek, Nazioarteko Hitzarmen baten bitartez eskubide bat dute beste herrialde batetara sartzeko, eta estatuak behartuta daude horiek hartzera. Ezberdintasun hori funtsezkoa da. Ezin dira maila berean jarri immigranteak eta errefuxiatuak. Gaur egun, erakundeek, politikoek, hedabideek bertan behera utzi dute errefuxiatua eskubide bat bezala eta immigranteentzako eta errefuxiatuentzako trataera berdina egiten dute.
Behartuta badaude estatuak errefuxiatuak hartzera, zergatik itxi zaizkie ateak?
Hutsik gelditu delako errefuxiatuen gaia eskubide bat bezala. Inork ez duelako hitz egiten errefuxiatuek eskubide bat dutela. Eta arazoa ez da humanitarioa, hau da, ondo dago ‘Ongi etorri errefuxiatuak’ kanpaina egitea, baina ez da nahikoa ongi etorria, baizik eta eskubide bat dutela onartu behar da. Ez da humanismo kontua, Giza Eskubide bat da.
Zein egoeratan aurkitzen dira berezko bizilekua utzi eta gurera etortzen diren pertsonak?
Espainiar Estatutik etorri edo atzerritik etorri tratamendu berdina egiten zaie, baina ezberdintasun handi bat dago; Atzerritartasun Legea eta hau, atzerritik datozenei soilik aplikatzen zaie. Beraz, atzerritik datorrenak izango duen lehenengo arazoa hori izango da. Lege horrek, ze baldintzatan etorri behar duen esaten dio, zer egin beharko duen hemen lana egin eta erresidentzia baimen bat lortzeko, besteak beste.
Horregatik, etorkin asko irregulartasun egoeran aurkitzen dira, eta irregulartasun egoera horretan egoteak ondorioak ekartzen dizkie; ezin dute formalki lanik egin, kanporatze espediente bat, eta beste hainbat kalte. Oso gaizki pasatzen dute eta normalean, beren bizitza hobetzeko etortzen dira. Denetarik dago, kasuz kasu begiratu beharko da guregana etortzera bultzatu dituzten arrazoiak zein diren jakiteko, baina normalean, gehienak, bizitza hobe baten bila etortzen dira. Lanik ez dagoen herrialdeetatik datoz, etorkizun beltza duten herrialdeetatik aukera berri baten bila. Normalean, gurean bizi dugun immigrazioa, immigrazio ekonomikoa da.
Kuriosoa da ordea, azken urte luze hauetan bizi dugun egoera ekonomiko zaila kontuan hartuta etorkinak gurera etortzea.
Krisi- ekonomikoa dela eta azken urteetan ikusten ari gara gurera etorritako etorkin ugari jatorrizko herrialdera bueltatzen ari direla. Bi motako itzulerak ematen ari dira; lehenik, itxaropenez beterik bizitza berri bati ekiteko aukerarik ikusi ez, eta bueltatzea erabakitzen dutenak; eta nazionalitatea lortuta egonkortasun bat eskuratu eta beren lurraldera bueltzen direnak, baina etorkizunean gurera bueltatu daitezkeela ziurtatzen dutenak bestetik.
Erakundeengandik babestuak sentitzen al dira etorkinak?
Segun eta zein erakunderengandik. Espainiar Estatuko administrazioarengandik ez. Honi Atzerritartasun Legea aplikatzea dagokio eta horrek zailtasun asko jartzen dizkie etorkinei.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei beste funtzio edo lan bat dagokie; integrazioarena. Eta prozesu horretan Udalek ere paper garrantzitsua jokatzen dute. Hurbil dituzten erakundeagandik babestuago sentitzeko aukera gehiago dituztela esango nuke. Espainiar Estatuko administrazioarengandik berriz babes gutxiago, atzerritartasun legeak ekartzen dizkien zailtasunengandik.
Eta errefuxiatuen kasuan?
Errefuxiatuen kasuan ezberdina da. Administrazioarengandik babestuak sentitu beharko lirate, Nazioarteko Hitzarmenak eskubide bat aitortzen baitie. Errefuxiatu batek hona etorri eta Asilo Eskubidea eskatzen duenean, immigranteek ez dituzten eskubide batzuk aitortzen dizkie hitzarmenak; Errekurtso residenziala, besteak beste. Errefuxiatu batek asilo eskubidea Tramitatzea lortzen badu, sei hilabeteko lehen fase batera igarotzen da, non bertan, etxebizitza batean bizitzeko aukera edukiko lukeen. Lehenengo sei hileko horretan ezin dute lanik egin, baina gero bai. Txartel gorri bat lortzen dute; asilo eskatzaile txartela. Gero bigarren fasera pasatzen dira; bigarren sei hileko denbora tarte batetara. Epe horretan laguntza ekonomiko bat dute, baina euren kabuz lortu behar dute etxebizitza.
Honek arazo handi bat suposatzen du errefuxiatuentzat. Gaur egun arazo asko dituzte euren kabuz etxebizitza bat lortzeko; oztopo ugari jartzen dizkiete.
Asko entzuten da ‘Ongi etorri errefuxiatuak’, baina errealitatea gordina dute.
Gizartean nahiko zabalduta daude immigranteen inguruko uste faltsuak. Non dute erroa horiek?
Ez dakit, denetik dago horien atzean. Alde batetik, gaur egun nik uste dut azpimarratu behar dela gizartea nahiko haserre dagoela krisi ekonomikoarekin. Ezinegon bat sortzen die egoerak herritarrei eta min hori bideratzeko modu bat izan liteke. Politikoen aurkako jarrera har dezake herriak, baino normalean ahulenaren aurka bideratzen da min hori. Eta zeintzuk dira ahulenak? Immigranteak. Aurreiritziek ere eragin zuzena dute guzti honetan. Denok dauzkagu barneratuta estereotipoak eta batzuetan arazo arrazista bihurtzeraino eramaten gaituzte.
Uste horiek aldatzeko zein bide lantzea ikusten duzu egokiena?
Guk SOS Arrazakerian tailer irekiak egiten ditugu. Uste faltsu horiek guztiak nondik datozen aztertzen da. Honekin batera, aurreiritzi horiek deuseztatzen dituzten ikerketen berri ematen dugu.
Europar Batasunaren erantzun ezaren aurrean, orain arte inoiz ikusi ez diren elkartasun sare, eta taldeak sortzen ari dira.
Orain dela urtebete, iraila urri aldera, errefuxiatuak etortzen hasi zirenean, Aylan umearen kasua argitara atera zenean, olatu handi bat sortu zen. Baina olatu hori, gainerako olatu guztiak bezala, pasa egin zen, eta gaur egun ez dut ikusten gizartea oso aktibatua errefuxiatuen gaiarekin. Aktibatu beharko dela? Ba bai, baina gero eta zailago ikusten dut. Transmititzen ari garen mezua, justu aurkakoa da. Gaur egun errefuxiatuak Islamismoarekin, atentatuekin ari dira lotzen, eta Totum Revolutum bat sortzen ari da horren guztiaren inguruan. Guzti horrek ez du elkartasun jarrera bat izatera laguntzen, eta esan bezala, ahaztu egin dugu errefuxiatuek eskubide bat dutela.
Ekintza xenofoboek ordea, ez dute etenik. Iragan astean, Donald Trumpek zazpi herrialde musulmanetako herritarrak AEBetan sartzeko debekuak izugarrizko liskarrak eragin ditu.
Bai! Astakeria izugarria! Donald Trump izugarrizko astakeriak egiten ari da, bai noski, baina beste herrialde batzuek ere jarrera antzekoak izan dituzte gai honekin. Gogora dezagun Hungariak zein erreferendum egin zuen, eta ez dezagun ahaztu ezta ere hegoaldeko mugan gertatzen ari dena. Jarrera horiek salatu behar dira.
Zein irtenbide du guzti honek?
Irtenbide zaila. Baina ni beti baikorra izaten saiatzen naizenez, agian Trump fenomenoak Europar Batasunaren benetako batasun bat ekar dezake. Trumpen azken egintzek norabide berri bat ekar dezakete migrazioaren ibilbide honetan.
Baina irtenbide zaila ikusten da oso… azken aldian gertatutako erasoek eta ez dute laguntzen.
Herritar bezala zer egin dezakegu bide honetan?
Lehen esan dugu, atzerritarrak gure auzokide gisa onartu behar ditugu. Bizitza berri bati ekiteko etorri dira eta oztopo ugarirekin egiten dute topo. Herritar bat gehiago dira eta horrela onartu behar ditugu, besterik ez.
Jatorria alde batera utzita herritarrekin lanean
Behar izan baten aurrean, babeserako leku da Lasarte-Oriako Villa Mirentxu eraikina. Azalaren koloreaz harago, pertsonen ongizatea bermatzeko lanean dihardute Gizarte Zerbitzuetako langileek; 'herritarrekin egiten dugu lan, pertsonekin'. Horrela adierazten dute Lourdes Acevedo gizarte zerbitzuetako zinegotziak eta Izaskun Oronoz teknikariak.
Pertsonen jatorria ez da Villa Mirentxun laguntza eskatzeko baldintza, ez muga. Izan lasarte-oriatarra, euskal herritarra, espainiarra edo atzerritarra, ateak zabalik ditu eraikinak; pertsonekin egiten dute lan. 'Herritarra izan ala ez, bat gehiago bezala hartzen ditugu guregana laguntza eske etortzen diren pertsona guztiak'. Horrela adierazten dute Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Izaskun Oronoz Gizarte Zerbitzuetako teknikariak. Izan bertakoak, nahiz atzerritarrak, Lasarte-Oriako gizarte zerbitzuetatik ez dute bereizketarik egiten; 'lanketa berdina da guztientzat. Egia da, atzerritarrak zailtasun gehiago izan ohi dituztela. Besteak beste, senitartekorik gabe, hizkuntzaren ezagutzarik gabe iristen dira bizileku berrira, eta berezko baliabide gutxiago izaten dituzte. Egoera horien aurrean, babesa eta laguntza ematea da gure zeregina, eta horretan ari gara lanean'.
Beharrizanen araberako lanketa
Pertsonen ongizatea bermatzeko egin beharreko lanketak beharrizanen araberakoak behar dute izan. Gauzak horrela, esparru ezberdinetan banatzen da Gizarte Zerbitzuen lana.
Beste hainbat esparruren artean, bazterketa egoeran aurkitzen diren pertsonentzako bideratutako prozesu bat dute martxan Villa Mirentxun. Honetan, bizitzeko arazo ekonomikoak eta etxebizitza lortzeko arazoak dituzten pertsonei ematen zaie laguntza.
Arriskuan dauden adin txikikoei bideratutako bigarren arlo bat ere badute. Bertan, adin txikikoekin egon daitezkeen arazoak bideratzen dituzte; egoeraren diagnosi bat egin eta familiarteko esku hartze baten bidez jartzen dute martxan prozesua.
Desgaitasun eta mendekotasun egoera bizi duten pertsonei zuzendutako beste arlo bat ere badute herriko gizarte zerbitzuek. Mendekotasun edo desgaitasun egoera batean aurkitzen diren pertsonei zuzendutako esparrua da hirugarren hau.
Azkenik, martxan jarri berri duten emakumea babesteko lan lerro bat ere badute. Honetan, emakumeek jasan ditzaketen indarkeria arazoak eta urruntze aginduen kasuak lantzen dituzte, besteak beste.
Aurkezten den arazoaren arabera, mota bateko zein besteko laguntza eskainiko zaie Villa Mirentxura joaten diren pertsonei, ez laguntza eskatzen duen pertsonaren azalaren kolorearen araberakoa.
Lanketa guzti honetan, legeak onartzen duen guztia hartzen dute euren gain Gizarte Zerbitzuek. Horrela adierazten du Lourdes Acevedo zinegotziak; 'legeak onartzen digunera arte, gure esku dagoen guztia egiten saiatzen gara, baina askotan, oztopo ugari izaten ditugu lanketa egiterako unean'.
Atzerritik etorritako pertsona gehienak, arazo ekonomikoen ondorioz banatutako senideak direla ere nabarmendu nahi izan du Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, baina egoeraren arabera aztertu behar da kasu bakoitza.
Orain errefuxiatu familia bi hartzeko prozesua martxan jarri berri su Udalak. Hauei babesa emateko lanean ere ari dira dagoeneko.
"Migrazioa etxeko kontua da Lasarte-Orian"
Lasarte-Oria Gipuzkoako herri anitzena dela esan daiteke; jatorri desberdinetako herritar gehien biltzen du. Horrek, herriaren izaera baldintzatu du, eta jadanik aniztasun eta aberastasun kulturala Lasarte-Oriaren ezaugarri nagusia da. Gaur egun, Espainiar Estatutik hasi eta Europa, Asia, Afrika eta Ameriketako hainbat herrialde ezberdinetatik gurera etorri diren herritarrek osatzen dute Lasarte-Oria. 40 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira herrian. Biztanle guztiak bat hartzen dituen 'Anitzen Sare' jarri zen martxan 2013an eta bertako kide da Enara Eizagirre.
Kultur aniztasunari erreparatuta, nolako herria da Lasarte-Oria?
Lasarte-Oria oso herri aberatsa da, migratzailez osatutako herria baita: XX. mende hasieran 1.872 biztanle zituen (1910ean) eta 2015erako 18.190. Hau da, ia-ia hamarkoiztu egin da biztanleria. Hazkunde hori oso lotuta egon da lan-merkatuak erakarritako migrazioarekin.
2015eko datuen arabera, lasarte-oriatarren % 12,9 udalerrian jaiotakoa da (kontuan hartu 1986ra arte Lasarte-Oria ez dela udalerri izan), Euskal Herrian jaioak % 53,5 dira, eta Euskal Herritik kanpo jaio da biztanleen % 33,6. Euskal Herritik kanpo jaiotako lasarte-oriatarren zifra nabarmen altuagoa da Buruntzaldekoa edota Gipuzkoakoa baino (Buruntzaldean % 27 da eta Gipuzkoan % 25). Euskal Herritik kanpo jaiotako herritarren jatorriak honakoak dira: Espainiako beste lekuak % 24,9, gainontzeko Europa % 2,1, Amerika % 5, Afrika % 1 eta Asia % 0,6.
70-80. hamarkadan migrazioari dagokionean, lehen olatu handia izan zen Lasarte-Orian.
Lasarte-Oriako egungo biztanleriaren laurdena Espainiako herrialde desberdinetatik etorritakoa da; lehenago, herritarren heren bat baino gehiago ziren. Horietatik asko 1950-1980 hamarkaden artean iritsi ziren, orduko industrializazio handiak eta lan-aukerek erakarrita. Horren erakusle da espainiar jatorriko herritarren adina: izan ere, espainiar jatorriko herritar askok eta askok 65 urtetik gora dituzte. Konparatzeko, migratzaile berriek 33 eta 36 urte bitarte dituzte batez beste eta udalerria gaztetzen dute.
Espainiako herrialdeetan jaiotako 4.536 lasarte-oriatar zeuden 2015ean. Horien artean, leku jakin batzuetatik etorritakoen kopurua nabarmentzen da: adibidez, Caceresetik iritsitako 819 lasarteoriatar zeuden, Salamancako 707 edota Palentziako 217.
Hura izan zen Lasarte-Oriak izandako migrazio handienetako bat. Aurrez, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera bitartean izan zen beste hazkunde demografiko handi bat, Orian Brunet ehun lantegia sortzearekin lotua: 1860tik 1910era biztanleria 583tik 1.872 izatera pasa zen. Hau da, 50 urtean biztanleria hirukoiztu baino gehiago egin zen (% 374,4 hazi zen). XX. mende erdiko migrazioarekin, 1960tik 1976 urtera bitarte izan zuen aurrekoa baino hazkunde handiagoa bizi izan zuen herriak: 16 urtean laukoiztu baino gehiago egin zen, 3.944 biztanletik 17.271ra (%437,9 hazi zen).
Ordutik aurrera Lasarte-Oriako biztanleria egonkortu egin da. Migrazioen ikuspegitik, XX. mende amaiera eta XXI. mende hasieran bigarren olatu bat sortu da: Espainiako Estatuan jaiotako herritarrak jasotzen jarraitzen badu ere Lasarte-Oriak, azken urteetan munduko beste tokietatik etorritakoak pisu handia hartzen ari dira. Horrela, gero eta hizkuntza, ohitura, kolore eta janzkera anitzagoz osatutako herria da Lasarte-Oria.
Zergatik erabakitzen dute gure herrira etortzea? Zein dira gurera migratzearen arrazoiak?
Lasarte-Oriara beste lekuetatik iritsi diren pertsona guztiei galdetuz gero zein izan ziren beren arrazoiak, oso abaniko zabal batekin egingo dugu topo ziur. Hala ere, migrazio fenomenoen joera orokorrei erreparatuta, ezaugarri nagusi batzuk atera ditzakegu. Lasarte-Orian, inguruko beste tokietan bezala, bi migrazio olatu handi izan dira: 50-80 hamarkaden artean Espainiako estatutik etorritakoak eta 90. hamarkadatik aurrera gainerako estatuetatik etorriak. Bi migrazio kasu horietan, lan bila etorritako pertsonak dira nagusi.
Hala adierazten dute migratzaileen ezaugarriek: herrira iritsitako unean gazteak izan dira, lan-merkatuan urte luzez aktibo izateko aukera dutenak. Batez besteko adina oso argigarria da: lasarte-oriatarren batez besteko adina 45 urtekoa da, 2015eko datuen arabera. Munduko beste herrialdeetatik etorritako lasarte-oritarren batez bestekoa 33 eta 36 urte bitartean dago. Aitzitik, Europako gainerako estatuetatik etorritako herritarrek 62,8 urte dituzte batez beste; zifra horretan nabarmen eragiten dute Espainiako beste lekuetatik 50-80 hamarkada bitartean etorritako herritarrek.
Zein dira migratzaileek integrazio prozesuan erabiltzen dituzten bideak?
Herri batera iritsitakoan bertan integratzeko bide desberdin asko daude: espazioak konpartitzea, antolatutako ekimenetan edo elkarteetan txertatzea, ikastaroak eta formazioa, lana, festak, ekimenak... Hiru zutabe edo arlo funtsezko daude integraziorako bidean: batetik, beharrizan materialak ase behar dira ezinbestean, hau da, bizimodu duin bat izateko behar materialak aseta eduki (janaria, arropak, lana, etxebizitza…); bestetik, arlo kulturala dago, norbanakoari taldean leku bat ematen dioten elementu kultural eta sinbolikoak; azkenik, harremanak daude edo maila sozioafektiboa.
Integrazioak gizarte-prozesu bati egiten dio erreferentzia: denboran zehar gertatzen den prozesu bat da, eta bere baitako agente dira iritsi berriak diren pertsonak, helburuko lurraldean aurrez bizi zirenak, eta leku horretan sustatzen diren politikak.
Espazio publikoan integrazioari dagokionez bultzatu izan diren hiru eredu nagusi errepikatzen dira. Lehenengoa eredu asimilatzailea da, askotan “integrazio” kontzeptuarekin nahasi izan dena. Bigarrena eredu kulturaniztuna da: talde eta kulturen aldaketarik ez da planteatzen, baizik eta berauek mantendu eta sendotzea (kulturen arteko harremanak ez dira sustatzen eta ghettoen eta antzerakoen sorrera ekar dezake). Azkenik, gaur egun oso baloratua den kulturarteko eredua dago: kultura desberdinen eragin eta elkartrukea duena helburu, elkarren errespetua eta aitortza oinarri hartuz. Gaur egun onarpen handiena kulturarteko ereduak duen arren, honek ere ekar ditzake arrisku batzuk. Hain zuzen, aniztasunaren aspektu positiboak azpimarratu eta ikusarazteari ematen bazaio garrantzia, horrek gure gizartean ematen diren egiturazko bazterkeria egoerak ezkutatzea ekar dezake. Arrisku horretaz kontziente izan eta horren jakitun jokatu behar dugu.
Nola harremantzen dira bertakoekin? Zein estrategia erabiltzen dituzte? Nolakoa da elkarbizitza?
Egunerokotasuneko bizitzan eremu desberdinak ditugu pertsonok. Horien artean, herrian bertan jaiotakoen eta iritsi berrien arteko harremanak nagusiki eskola eta lanaren inguruan sortzen direla ikusi da, eta horien artean gehien eskola eremuan.
Aldiz, harremana nabarmen jaisten da aisialdian eta eremu informalean. Lehen esan bezala, komunitate desberdinen arteko harremana “atomizatua” dela esan daiteke: bakoitzak bere jatorri edo kulturakoekin izan ohi du elkarrekintza gehiena, harremana nahitaez sortzen den espazioez harago.
Lasarte-Oriako herritarrekin azken urteetan egindako hausnarketan nabarmendu da elkarbizitza ona dela... ematen den kasuetan. Behar handienetako giza komunitateen arteko harremana sortzeko espazioak eta zubiak eraikitzea azpimarratu da. Ildo horretatik azken urteetan lasarte-oriatarrak lan nabarmena egiten ari dira: elkarteek beren jardunean jatorri eta kultura anitzak hartzen dituzte aintzat, komunitate desberdinen elkarlana nabarmen areagotu da, eskoletan presentzia ematen zaio gaiari.
Iritsi berriek egokitzerakoan egin behar duten bidean Lasarte-Oriak berezitasun positibo bat du: migrazioa “etxeko kontua” da kasu gehienetan, gertuko esperientzia izan ohi da herritar gehienentzat, eta errazagoa da enpatia izatea migratzaileekin.
Nolakoa da zure bizi esperientzia Lasarte-Orian? Zer moduz bizi zara gure herrian?
ELENA DERBINA, UKRAINIA.
'2007. urtean etorri nintzen Lasarte-Oriara. Oso eroso sentitzen naiz Lasarte-Orian. Jendea zoragarria dela uste dut. Oso pozik bizi naiz herri honetan eta ez dut Ukrainiara bueltatu nahi. Sasoeta-Sasoian Auzo Elkartearekin batera auzoko festak antolatzen parte hartzen dut, eta auzotarrekin batera hainbat ekintza antolatzen ditugu denok elkarrekin ondo pasatzeko. Semearen eta herritarren laguntzarekin, pixkanaka euskara ikasten ari naiz'.
SAGID HUSSAIN, PAKISTAN.
'2015. urtean etorri nintzen Lasarte-Oriara. Herriko jendea oso jatorra da. Jende asko ezagutzen dut dagoeneko Lasarte-Orian. Tabernara etortzen dira zerbait hartzera, terrazan eseri eta beraiekin hitz egiten dut. Terrazan daudenean, euskaraz hitz egiten didate eta horrela ari naiz hemengo hizkuntza ikasten; bezeroekin. Ez daukat ikastera joateko denborarik.
Festa ugari egiten dira herri honetan eta hori asko gustatzen zait; hemengo giroa'.
MOHAMED EZZAKY, MAROKO.
'Hamazazpi urte daramatzat dagoeneko Lasarte-Orian. Hemen bizi daiteke. Etorri nintzenetik ondo bizi naiz. Harrera ona egin didate lasarte-oriatarrek, eta ez dut arazo larririk izan inoiz.
Lagunak dauzkat, familia, oso eroso sentitzen naiz herrian. Txarra baino, jende on gehiago aurkitu dut. Noizbait, kalera atera eta keinu itsusiren bat ere egin izan didate, baina %99 jende zoragarriarekin egin dut topo. Euskaraz oso oinarrizko hitzak besterik ez dakizkit'.
FLORI COJOCARU ERRUMANIA.
'2008. urtean etorri nintzen Lasarte-Oriara. Hasiera oso zaila izan zen niretzat. Ez genituen bertako inguruak ezagutzen, ezta bertako inor ere; horrek kezka handia sortu zuen nigan, baina orain, oso gustura bizi naiz nire familiarekin hemen. Harreman ona daukat herriko jendearekin eta gustura bizi naiz herrian. Lanean, inguruan euskara hitz egiten duen jende ugarirekin egiten dut topo egunero, baina nik ez dakit hitz egiten'.
ASUNCIÓN MARTIN, EXTREMADURA.
'Duela 39 urte bizi naiz hemen, 14 urte nituela etorri nintzen. Bizitza osoa daramat bertan eta oso ondo bizi naiz hemen, Lasarte-Orian. Atzerritar ugari bizi garen herri honetan, ez dut inoiz ezberdintasunik ikusi, ezta sentitu ere. Oso eroso bizi izan naiz orain arte herritarrekin batera. Urte asko dira etorri nintzela eta jende asko ezagutzen dut dagoeneko. Horiekin guztiekin dudan harremana ona da'.
JOSE PÉREZ, HUELVA.
'21 urte nituela etorri nintzen Lasarte-Oriara bizitzera. Bizkaian ari nintzen lanean lan egiten nuen enpresarentzat lanpostu bat suertatu zen hemen, Gipuzkoan eta hona etorri nintzen lanera. Zumaburun jarri ginen bizitzen. Bertan hasi nintzen gazteekin lan egiten zuten elkarteekin kolaboratzen, eta auzoko festak antolatzen. Inoiz ez dut bazterketa arazorik sufritu'.
ANGELA COLOMA, ZARAGOZA.
'Orain dela sei hilabete etorri nintzen Lasarte-Oriara bizitzera. Oso gustura bizi naiz Lasarte-Orian. Ez nago hain urrun Zaragozako familiarengandik. Hilabetean behin edo bitan joaten naiz beraiek bisitatzera. 2015. urtean hasi nintzen euskara ikasten. Gramatikaz asko ikasi nuen, baina hona etorri nintzenean frustratua sentitu nintzen, ez bainitzen hizketarako gai. Orain, horretan trebatzen ari naiz. Oso ongi etorri ona egin didate ingurukoek'.
YASEGUI CARPIO, ECUADOR.
'Lau urte daramatzat herrian. Hasieran, nire herria utzi eta hona etorri nintzenean, aldaketa oso gogorra izan zen; ez zen erabaki erraza izan. Orain ordea, gustura bizi naiz Lasarte-Orian. Herri lasaia da, eta hasieran integratzea zertxobait kosta bazitzaidan ere, orain ondo bizi naiz hemen. Euskara asko entzuten nuen eta nik ulertzen ez nuenez, apur bat kostatzen zitzaidan bertako jendearekin harremana izatea. Asko lagundu nau bertako jendeak'
MARCELA GONZALEZ, HONDURAS.
'2009. urteaz geroztik bizi naiz Lasarte-Orian. Nik zorte handia izan dudala uste dut, izan ere, jendeak hona bizitzera etorri nintzenetik oso ondo hartu nau hemen, Euskal Herrian. Oso gustura bizi naiz herri honetan; oso herri alaia da, nire ustez. Jendea ezagutzen dut dagoeneko herrian, lagunak dauzkat eta oso oso gustura sentitzen naiz. Euskara oso oso zaila egiten zait. Lanak ez dit ikasteko denborarik uzten, baina anaiarekin oinarrizko hitzak ikasten ari naiz'.
NILSON OLIVARES TXILE.
'2008. urteean etorri nintzen Lasarte-Oriara. Askotariko jatorrietako pertsonak ugari bizi gara herrian, eta hori oso positiboa dela uste dut. Hona iritsi nintzenetik, jende jator ugari ezagutu dut, eta gustura bizi naiz Lasarte-Orian, oso bizitza lasaia daramat. Lasarte-Orian bizi naizenez, Sasoeta-Zumaburuko Guraso Elkarteko kide naiz, eta bertako kide guztiekin batera hainbat ekintza antolatzen ditugu. Euskara ikastea da nire helburuetako bat'.