Kultur ekintza ugari Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 28a, 14:40
Oporretatik bueltan, Lasarte-Oriako Kultura sailak Manuel Lekuona kultur etxeko ikasturteari hasiera emango dion egitaraua aurkeztu du.

Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesias Kultura batzordeburuak eta Manuel Lekuona kultur etxeko kudeatzaile Xabier Goitiak azaldu dituzten urriko egitarauaren nondik norakoak.

Alkateak azpimarratu duenez, "ekitaldi asko antolatu dira eta bereziki, Nagusien omenaldiko ekintzak ditugu".

Urriaren lehenean, larunbatean, Ama Brigitarren komentuan Orfeón Logroñes abesbatzak kontzertua eskainiko du. Xabier Goitiak azaldu moduan, "Alboka Abesbatzak gonbidatutako taldea da. Elkartruke bat egin dute. Alboka abesbatza apirilian izan zen Logroñon eta orain bertako abesbatza dator".

Urriaren 2an, igandea, Manuel Lekuonan antolatuko diren Nagusien omenezko ekitaldiak hasiko dira Amaia Gonzalez Caballeroren eskolako kideen erakustaldiarekin. Urriaren 5ean, asteazkena, ONCEko antzerki taldeak 'La soirée' lana eskainiko du eta urriaren 7an ostirala, Elvi bentrikoluaren emanaldia izango da.

Zinea

Zinema saioak hasiko dira igande honetan ere eta urrian zehar, zinematan arrakasta handia izan duten filmak ikusi ahalko dira. Haurren atalean, 'Ice Ace 5' animaziozko filma ikusiko dute txikiek eta helduek, berriz, 'Cuerpo de élite'. Urriaren 9an, euskaraz  'Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla' filma eskainiko da haurrentzat. Helduek 'Cafe Society' ikusiko dute. Urriaren 16an, 'Buscando a Dory' eta 'Ben-Hur' filmak izango dira ikusgai. Hilabetea amaitzeko, urriaren 30ean, haurrentzat 'Mi amigo el gigante' eta helduentzat 'Tarde para la ira' filmak eskainiko ditu Manuel Lekuonak.

Urriaren 14an, ostirala, Okendo Zinema Taldearekin batera martxan dagoen zine forumari hasiera emango zaio 'Gernika' filmarekin eta urriaren 28an, 'Al final del túnel' filmaz gozatu ahalko da.

Haurren zinema saioetako sarrereren prezioa 3,80 eurokoa da eta heldu, zein zine forum saioko prezioa 5,50 euroko da. Xabier Goitiak azpimarratu legez, "zinema bonoak ere herritarren eskura daude". Bono bakoitzean hamar sarrera daude eta  honako prezioetan daude: haurrena, 28 euro eta helduena, 45 euro.

Beste ekintzak

Baina bestelako ekintzarik ere izango da Manuel Lekuonan. 

Urriaren 13an, asteartean, Iñaki Lopez de Luzuriaga herritarrak 'Euskaldunak eta karolingiar iraultza' hitzaldia eskainiko du. Xabier Goitiak agerraldian azaldu modura, "liburu bat aurkeztu berri du gaiari buruz eta hori oinarri hitzaldia eskainiko du".

Hitzaldiekin jarraikiz, urriaren 25ean, asteartea, Gizarte Zerbitzuek antolatuta, AGIFES Buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea izango da hitzaldi aretoan.

Haurrentzako antzerkiak ere izango du bere tartea. Urriaren 15ean, larunbata, "zuzeneko musika, magia eta ezusteko ugari" aurkeztuko ditu  'Magia lapurra' antzerkiak. 5 urte baino gehiagoko haurrei zuzendua dago, "familian ikusteko aproposa".

Bestalde, urriaren 22 eta 23an Euskararen Maratoia izango da gure herrian eta honekin lotuta, urriaren 21etik 30era Antonio Mercero erakusketa gelan 'Lasarte-Oriako toponimia'-ri buruzko bitxikeriak ikasi ahalko dituzte herritarrek.

Azkenik, Lasarte-Oriako historia oinarri duen liburu aurkezpena ere izango da urriaren 27an. Jose Luis Navarrok "Lasarte-Oriari buruzko dokumentu interesgarriak" aurkeztuko ditu 'Retazos II' liburuan.