Euskara sustatzeko hitzarmena

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 16a, 16:13
Aldaz enpresarekin hitzarmena sinatu du udalak. Alkatea pozik azaldu da programa honek euskararen erabilera sustatzeko duen balioagatik eta inplementatzeko orduan, herriko enpresei tresnak eta baliabideak eskaintzen dizkielako euskaraz hitz egin nahi duten herritarrek eremu gehiago izan ditzaten.

Baietz Gurean! egitasmoaren baitan Aldaz hotz klinikak urtebeteko lanketa egingo du euskara enpresako alor gehiagotara eramateko. Lanketa horren araberako diru laguntza bat jasoko du, finkatuta dauden puntuazioaren araberakoa. Dagoneko aztertu da enpresan hizkuntzaren egoera zein den eta hobetzeko jarraibideak ere azalduz zaizkie.

Hitzarmen honekin bat egingo dute beste hiru enpresek irailean Marifer Gorostiza euskara teknikariak azaldu duenez.

Bestalde, Euskara batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik gogoratu nahi izan du abian direla herrian egoitza soziala duten elkarte eta enpresak haien edozein jarduera euskalduntzeko diru laguntzen deialdia. Errotuluak, irudi korporatiboa, web-orriak, dokumentazioa etab. euskaratzeko udalaren laguntzak. Azaroaren 1etik urriaren 31 bitartean egindako jarduerak lagunduko dira. Informazioa udaleko webagunean edo 943 37 61 84 telefonoan.