PSE-EEk irabazi ditu udal hauteskundeak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 25a, 00:23
Eguna normaltasun osoz joan da gurean. Parte hartzea 2011an baino handiagoa izan da, %67koa izan da 2011an %64 izan zen. PSE-EE izan da boto gehien eskuratu dituen alderdia 3.540.

PSE-EE izan da bozka gehien lortu dituen alderdia 3.540 bozkekin, jarraian EHBilduk 2.365 jaso ditu, Lasarte-Oriak Ahal du 1.480, EAJk 1.428 eta PPk 477 eskuratu ditu. Zinegotzien arabera, PSE-EEk 7 izango ditu, EHBilduk 4, Lasarte-Oriak Ahal du hautesle taldeak 3, EAJ-PNVk 2 eta PPk 1. 2011ko datuekin alderatuta, herrian parte hartzea handiagoa izan zen atzokoan, abstentzioa %32,89 koa izan zen, 2011an %35,88 izan zelarik. PSE-EEk aurreko udal hauteskundeetan baino 393 bozka gehiago jaso ditu, EHBilduk ere, zinegotzi bat galdu arren, bozka igoera izan du 197 hain zuzen, EAJ-PNVk 337 bozka irabazi ditu ere eta PP izan da bozka kopuruan beherakada jasan duen bakarra, 308 galdu ditu eduki duen zinegotzi bakarra galtzear egon delarik.

Lasarte-Oriak Ahal du hautesle taldearentzat lehenengo udal hauteskundeak izan dira eta indarrez sartu da udaletxean, hiru zinegotzi izango ditu 1.480 bozka lortuta. Lasarte-Oriako Herritar Plataformak aurrekoetan 980 bozka jaso zituen eta bi zinegotzirekin jardun da azken legegintzaldian. 

Alkategaien balorazioak

PSE-EE
Jesus Zaballos PSE-EEren hautagaia benetan gustura dago lortutako emaitzekin: “Oso eskertuta gaude lasarteoriatar guztiei, berriro ere Lasarte- Oria gobernatzeko gugan konfidantza jarri dutelako. Duela lau urte alkatetza galdu genuen hiruko akordio batengatik eta badirudi min egin diela, Bildu bost zinegotzi izatetik lau izatera pasa delako eta EAJk ez duelako zinegotzi gehiago lortu. Gu oso pozik gaude ia 400 herritar gehiagok bat egingo dutelako proiektu sozialistarekin. Duguna baino herri hobea merezi dugu eta horretarako egingo dugu lan”. 

EH Bildu
Ia berrehun bozkako igoera izan arren, azken unean bosgarren zinegotzia galdu izanak min egin dio koalizio abertzaleari Pablo Barriok azaldu bezala: “Pozik gaude lau urteotan egindakoarekin, beste bizitza bat, beste giro bat, beste alaitasun bat izan du herriak eta lanketa horrekin jarraitu egin behar da aurrerantzean ere. Garbi dago, boto aldetik igo egin gara, pozteko modukoa da hori, baina zinegotzi bat galdu dugu. Dena den, bigarren lekuan jarraitzen dugu eta horrek aukera ematen digu lan polit bat egiteko. Ez dago ezer erabakita, korporazio berriaren eraketa hiru aste barru izango da, gure eskaintza eta planteamendua aurrera eramaten saiatuko gara”.

EAJ/PNV
Sentsazio gazi-gozoa du Estitxu Alkortak lehen balorazioan “Bozka kopurua dexente igo dugu, %40 inguru, baina ez da nahikoa izan hirugarren zinegotzia lortzeko. Emaitzetan ikusten dugu Lasarte-Orian ez dela ezer aldatu. PSOEk zinegotzi kopuru bera atera du, Bilduk bat gutxiago, alderdi berria, hori bai, Podemosekoak dira. Bestalde, pozik gaude Gipuzkoan alkatetza garrantzitsuak berreskuratu ditugulako”.

Lasarte-Oriak Ahal du
Arkaitz Naya emozioz gainezka dago hiru zinegotzi lortuta: “Eskerrik asko denoi, lan asko egin dugu hemen egoteko eta oso pozik gaude, lan gogorra datorkigu bihartik aurrera, benetako lana, talde handi bat daukagu eta gu bozkatu gaituzten bizilagunek merezitako maila erakutsiko dugu, babesa eman ez digutenentzat ere lan egingo dugu. Eskerrik asko”.

PP
Alex Saenz, azken uneko emaitzei esker, zinegotzi izango da datorren legegintzaldian, baina Gipuzkoan PPk izandako emaitza kaxkarrak medio, Donostiara joan da probintziako alderdikideei babesa ematera.