Londrestik Lasarte-Oriara

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 25a, 11:30
Zuzeneko emanaldi bat zirudien hala izan ez zen arren. Duela zenbait hilabete Londresen grabatutako emanaldi bat ikusi zuten atzo hainbat herritarrek Manuel Lekuonan: Giacomo Pucciniren 'Opera Tosca'.

Nork esango zuen duela zenbait hilabete Lasarte-Oriako kultur etxean ospe internazionala duten emanaldiak ikusi ahalko zirela, irudi eta soinu kalitaterik altuenetan gainera. Urrian digitalizatu zuen Kultura Departamentuak zinea, eta urrats horrek hainbat aukera berri ekarri ditu herrira. Horietako bat da aurrez grabatuak izan diren emanaldiak ikusteko aukera, atzoko 'Opera Tosca' lanaren gisara. Londresko Royal Opera House mitikoan izan zen grabatua; bazirudien aktore eta musikariak Lasarte-Orian eskaini zutela atzo emanaldia.

Hala izan zen hein batean: irudi eta soinu kalitate altuenean gozatu zuten herritarrek ikuskizunaz. Argazkiak ateratzerako orduan zaila zen antzematea zuzeneko emanaldia edo pantaila baten bidez proiektatua ote zen. 

Herritarrek ez zuten gisa horretako aukera bat galdu nahi izan eta berrogeita hamar bat lagun joan ziren atzo Manuel Lekuonara operaz gozatzera. 

Maisulana Manuel Lekuonan
Musika boteretsua, istorio zirraragarri bat eta bukaera tragikoa. Horiek dira Pucciniren Opera Tosca maisulanaren ezaugarri nagusiak. 

Hainbat aretotan interpretatua izan da opera hori. Londresko Royal Opera House mitikoan, besteak beste. Bertan grabatutako emanaldiaz gozatu zuten ikusleek atzo Manuel Lekuonan. 
Angela Gheorghiu, Jonas Kaufmann eta Bryn Terfel bezalako aktoreek osatu zuten aktoreen zerrenda Londresen eskainitako ikuskizunean.

Musika Royal Operako koru eta orkestraren esku egon zen emanaldi horretan. Antonio Pappano zuzendariaren gidaritzapean, operan zehar 'Acto I', 'Te Deum', 'Vissi d'arte' eta 'E lucevan le stelle' bezalako pieza ikusgarriak entzun zituzten Manuel Lekuonara bertaratu zirenek.

Paregabea izan zen atzo herriko kultur etxean ikusi ahal izan zen emanaldia. Hurrengo ikuskizuna otsailaren 21ean izango da, Salzburgeko jaialdian grabatua izan zen 'Amor Vida de mi Vida' izeneko zarzuela.